Itxi

Burubero

Burubero

Burubero

Ekintza solidarioa

ETBko 'Burubero' saioan bildutako dirua Sunakali egitasmorako

A.E.|EiTB

2.000 euroko txeke horrekin, Nepalgo neska futbol taldeari lagunduko zaio.

Astelehen honetan, Kike Amonarrizek ETBko 'Burubero' saioan Sunakali egitasmorako bildutako 2.000 euroko txekea eman dio Bhjraj Bhat giza proiektuaren sustatzaileari. Ekitaldia Bilboko BBK aretoan izan da, 11:00etan. Nepalgo Mugu eskualdean futbolean dabiltzan neskei laguntzeko erabiliko dute dirua.

Sunakali, halaber, dokumental saritu baten izenburua da. Sunakali da Bhat-en lehen ekoizpena dokumentalgile gisa. Bertan, 3.500 metrotik gora dagoen Mugu eskualde menditsuko neska futbol talde baten istorioa kontatzen digu. Futbol talde honek oztopo asko gainditu beharko ditu aurrera egiteko, baina azkenean arrakasta lortuko dute, estatu mailako txapelketa bat irabaziz. Sunakali neska horietako baten izena ere bada.

Sunakali proiektura bideratuko duten dirua otsailean bildu zuten, 'Burubero Derbia' saio berezian. Eneko Boveda eta Ainhoa Tirapu zuri-gorriak eta David Zurutuza eta Aintzane Encinas txuri-urdinak aritu ziren bertan nor baino nor gehiago.