Itxi

Gailurra

Gailurra

Gailurra

22:15ean

'Gailurra' saio berria, gaur, Andoni Aizpuru eta Irati Andarekin

A.E.|EiTB

Euskal Herriko zazpi mendi garrantzitsuenak ezagutuko ditugu euren eskutik eta bidelagun izango dituzten gonbidatu talde zabalarekin.

  • Andoni Aizpuru eta Irati Anda

    Andoni Aizpuru eta Irati Anda

'Gailurra' saio berria estreinatuko da gaur gauean ETB1en, Andoni Aizpuru aurkezleak eta Irati Anda eskalatzaileak gidatuta. Beraien eskutik, Euskal Herriko zazpi mendi garrantzitsu ezagutuko ditugu. Bi aurkezleak, ordea, ez dira bakarrik igoko mendira. Programa bakoitzean, 25-30 gonbidatu izango dituzte bidelagun.

Saio berritzailea izango da 'Gailurra', orain arte egin diren mendi-programak ez bezalakoa. Bertan, bisitatuko dituzten mendien historia, paisaiak eta sekretuak ezagutuko ditugu. Gainera, tontorrerako bidean lagun izango dituzten pertsonen istorioak ere ikusi ahal izango dira.

Gailurra | Andoni Aizpuru eta taldea

Mendi puntaraino iristeko bide bat baino gehiago egon ohi da, eta horiek ere bide ezberdinak probatuko dituzte tontorreraino heltzeko. Bidean, artzainak, baserritarrak, abeltzainak, mendizale ezagunak eta hasiberriak ere elkarrizketatuko dituzte, baita mendien inguruko herrietako pertsonarik xelebreenak ere. Denen artean, beraien sekretuak, tradizioak eta mendiari buruzko xehetasunak ezagutuko ditugu. Gonbidatuen bizipen pertsonalek ere pisu handia izango dute saioan.

Gorbeia, lehen tontorra

Gaurko programan, Gorbeiara igoko dira, Araba eta Bizkaia arteko 1.482 metroko tontorrera. Euskal Herriko mendirik ezagunenetarikoa da.

Saio honetan, besteak beste, Luziano, Arteako 93 urteko gizona, egongo da Andoni eta Iratirekin batera. Lortuko al du gailurrera iristea? Itxinako bidean barrena ere murgilduko dira, eta amaieran, tontorrera heltzean, bi ezusteko izango dira. Programaren amaieraraino eutsiko zaio emozioari. Gainera, musikak ere garrantzi handia izango du.

Gailurra | Andoni Aizpuru eta Irati Anda

Denetarik egongo da saioan: dibertsioa, momentu barregarriak, malkoak, esfortzua... Eta amaieran, gurutzea ukitutakoan, poztasuna!

Gorbeia izango da lehenengoa, baina beste sei mendi ere igoko dituzte: Txindoki, Peña del Castillo, Beriain, Orhi, Hernio eta Anboto.

Irudi ikusgarrien laguntzaz eta Andoni, Irati eta abarren konpainian, ikusleari gozarazteko programa izango da. Gure mendiak eta bertako mendizaleen historia eta istorioak ezagutzeko aukera bikaina.

'Gailurra' 22:15etik aurrera izango da ikusgai ostegunetan, ETB1en eta eitb.eus-en.