Itxi

Goenkale

Goenkale

Goenkale

LABURPENA

Une gorenak utzi dituzte etxegaraitarrek 'Goenkale'ko 21. denboraldian

L.A. | EITB.EUS

EITB

Arantza eta Jagobaren banaketa, Hodeiren leuzemia eta honek Taniarekin izandako amodio-istorioa, Amalia amonaren hilketa, Joelle izebaren sekretua... Istorio ugari bizi izan dituzte etxegaraitarrek.

  • Etxegaraitarrak

    Etxegaraitarrak

Irailera arte etenaldia egin du 'Goenkale'k. Istorio eta korapilo batzuk askatu gabe geratu dira, eta uda ostera arte ez dugu horien amaiera edota jarraipena ezagutuko.

Bukatu berri den 21. denboraldi honetan, Arraldeko bizilagunen hainbat gorabehera eta istorioz gozatzeko aukera izan dugu, eta telebistaren aurrean itsatsita geratu gara jarraitzaileok beste behin ere.

Etxegarai familia ezagutu dugu denboraldi honetan, Arralden farmazia baitute. Hasieran klan bat bezala eta oso elkartuta ikusi genituen, baina apurka-apurka euren arteko liskarrak eta eztabaidak jarraitzeko aukera izan dugu.

Hasierako ataletan, Arantza eta Jagoba senar-emazteek, horien hiru seme-alabek (Taniak, Hodeik eta Alaznek) eta Amalia amonak osatzen zuten etxegaraitarren sendia. Dena den, familiako kide berriak ezagutzen joan gara denborak aurrera egin ahala: Paskal (Arantzaren neba) eta Lander (semea), Jagobaren arreba Olaia eta Joelle izeba, besteak beste.

Arantza eta Jagoba senar-emazteen arteko urruntzea ikusi dugu pixkanaka-pixkanaka. Botikan laguntzaile lanetan sartu zen Izaskun, Arantzaren txikitako laguna, eta amodio-istorioa izan du Jagobarekin. Mehatxu ugariren ostean, Jagobak Arantza utzi eta Izaskunekin duen harremanaren alde egitea erabaki du. Hau ez da etxe honetan ikusi dugun amodio-kontu bakarra; izan ere, Hodeik eta Taniak ezkutuko amodioa izan dute.

Amalia, Arantza eta Paskalen ama, ere eurekin bizi zen, baina egoera begetatiboan geratu zen, buruko isuri bat izan ostean. Gainera, leuzemia atzeman zioten Hodeiri, eta hura sendatzeko tratamendu garestia ordaindu behar zuten etxegaraitarrek. Amaliaren osasunak hobera egiteko aukerarik ez zuela ikusita, haren heriotza aurreratzea erabaki zuten Jagobak eta Arantzak. Horrela, Amaliaren herentzia kobratuko zuten semea sendatzeko. Hala ere, gurasoek egindakoa jakin zuen Taniak, eta poliziaren aurrean salatzea erabaki du azken ataletan.

Bestalde, ondo ezkutatuta egon den sekretua jakin berri dute Arantzak eta Paskalek denboraldi honetan. Amalia ez zen euren ama biologikoa, izeba Joelle (Arantza eta Paskalen aitaren arreba) baizik. Joellek gaztetan abentura bat izan zuen Julianekin, eta haurdun geratu zen. Iparraldera ihes egin zuen, eta haurdunaldi hartatik jaiotako bikiak izan ziren Arantza eta Paskal.

Horrez gain, etxegaraitarren lorategian gorpu bat aurkitu zuten, Amagoiarena. Etxegaraitarren botikan lan egiten zuen emakume hark, eta botikan bertan viagra ezkutuan saltzen zuela jakin zuen Poliziak. Hori dela eta, sei hilabetez botikari aritzeko lizentzia kendu diote Jagobari, Amagoiak bere botikan viagra legez kanpo saltzeagatik. Lizentzia berreskuratu arte, Olaiak hartu du botikaren ardura.

Kontu ugari, beraz, etxegaraitarrenean; baina, denboraldi honetan, Arralden bizi diren beste familien inguruko hainbat istorio ere jarraitu ditugu.

Urkijotarrenean ere kontuak nahasita dabiltza azkenaldian. Luis Urkijoren hezurdura aurkitu zuen Ertzaintzak. Axunek neba hil zuela onartu zuen arren, Sabinek bere gain hartu zuen erantzukizun guztia, eta espetxean dago.

Alizia Egiguren, Boga tabernako jabea eta Kandidoren emazte ohia, diru-beharrean eta larri ikusi dugu azken ataletan. Etxe bat erosi zuen, baina bertan egin beharreko konponketetan hainbat arazo izan dira eta zorpetuta bukatu du. Aliziari dirua uzteko banketxean zegoela, lapurreta jasan du Kandidok. Onik atera da, baina, bere bizitzan atsedenaldia behar duela ikusita, aldi baterako kanpora joatea erabaki du.

Madariagatarrek ere denboraldi aztoratua izan dute. Esther eta Mireiaz gain, beste bi seme-alaba dituela jakin berri du Julianek: Arantza eta Paskal. Mireiak, gainera, kolpe gogorra jaso zuen bere mutil-lagun Oliverrek Amagoia hil zuela jakitean. Amagoiak Oliver gigoloaren zerbitzuak kontratatu zituen eta haurdun geratu zen, nahita. Eztabaida baten ondoren, Amagoiak kolpea jaso zuen buruan, lurrera erori zen eta hil egin zen. Gorpua lurperatzea bakarrik bururatu zitzaion Oliverri. Esther ere ez da lasai ibili denboraldi honetan. Kandidok berarekin zuen harremana uztea erabaki du, Estherrek Lukasekin abentura bat izan zuela jakin ondoren. Gainera, azken atalean ikusi dugunez, Esther larri zaurituta dago ospitalean, belaontzian istripua izan ostean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista