Itxi

Izan Invictus

Izan Invictus

Izan Invictus

3. atalaren laburpena

Ianire etxera joan da Manu Maritxalarren hutsegitearen ondorioz

Manuk denbora gehiegi eman du sokaren bila erronkan, eta, ondorioz, talde gorriak galdu egin du. Teresak erakustaldia eman du dueluan.

Ianire da talde gorritik etxerako bidea hartu duen lehena. "Izan Invictus"eko Tirolinen dueluan berak uste baino hobeto aritu bada ere, ez da lehen bi sailkatuen artean geratu. Teresak, aldiz, proba ikusgarria egin du. Jontxu aurretik ibili bada ere, teknikak eta buruak ez ditu behar bezala kontrolatu eta etsi egin du. Teresak, ordea, ez du amorerik eman eta bera izan da joaretxoa jo duen lehena.

Ianirek prestaketa faltari leporatu dio bere porrota, baina hori ez da izan etxerako bidean jarri duen arrazoi bakarra: Manu Maritxalarrek desafioan azaldu duen gogo eskasagatik galdu du talde gorriak proba, ondorio latzekin: gaua basoan igaro behar izan dute, izendapenetan pentsatzen.

Desafioaren proban Manuk ez du ehuneko ehuna eman besoko lesioagatik, eta entzungor egin die taldekideek emandako aholkuei. Bat baino gehiago sutan jarri du. Aiorak eta Seletak kapitainari leporatu diote gorrien porrota, baina Manuk bere taldekideen haserreak ikusi nahi ez, eta dantza erakustaldi eta guzti egiteko adina umorez egon da izendapenen giro urdurian.

Egurrean ikusi ditugu, beste behin ere, Isma Mateoren gimnasioan bi taldeak. Entrenamenduaren amaieran, burdinazko sarjentuak gimnasioan egindako lan eskasagatik kargu hartu dio Zamor algortarrari.

Julian Iantzik hala eskatuta, urdinek Sudupe aukeratu dute hurrengo jokorako kapitain eta gorriek, Isma.

Saioaren amaieran, Manuk lotailua apurtua zuela baieztatu die bere taldekideei eta medikuak bizitza lasaia egiteko gomendatu diola gaineratu du. Isma Mateok, berriz, Invictus izateko aukerak badituela esan eta lanean jarraitzeko animatu du. Izango al du berriro ondorio latzik gorriengan kapitainaren lesioak?