Itxi

Izan Invictus

Izan Invictus

Izan Invictus

Finala

Seleta, 'Izan Invictus'eko irabazlea Andorrako final handian

EiTB

Final handiko podiumaren bigarren postuan Aiora jarri da eta hirugarrenean, Nekane. Seletak eta Aiorak lortu dute "El Conquistador del Caribe"rako txartela.

Berriatuakoa lehena izan da Europako Spartan Race txapelketako helmugara iristen. Hiru ordu eta hogeita hamabost minutu besterik ez ditu behar izan 24 kilometro eta 30 oztopo gainditzeko. "Izan Invictus" lehiaketako garaikurra altxatzeaz gain, Seleta bosgarren geratu da sailkapen orokorrean. Sekulako marka!

Podiumeko bigarren tokia beste gorri batentzat, Aiorarentzat. Irunberrikoak primerako sasoia erakutsi du lasterketa guztian. Gainera, neska guztien artean hirugarrena izan da. Beraz, Invictus sari berezia bi gorrientzat izan da eta biek lortu dute "El Conquistador del Caribe" saioan parte hartzeko txartela. Podiuma Nekanek borobildu du. Hasieran gorriak ikusi baditu ere, gorputzaldi txarrari buelta eman eta hirugarren postua eskuratu du. Neska guztien artean seigarrena izan da.

Final handia Andorran jokatu da, "beast" edo "piztia" modura ezaguna den txapelketa gogorrean. Nekane, Aiora, Seleta, Gontzal eta Sudupe prest eta gogotsu zeuden lasterketari aurre egiteko eta garaikurra eskuratzeko. Dena den, ez dira bostak bakarrik lehiatu. Izan ere, Gorrotxak Andorrara joateko txartela irabazi du Julianek botatako erronka lortu duelako: 10 kilo galtzea, alegia. Ermuarrak bere ametsa bete du: lasterketa handian parte hartzea, finala jokatuko ez bazuen ere.

Lasterketaz gain, guztiek zuten gainditu beharreko beste desafio bat: Andorrako 2.000 metroko garaierara egokitu beharra. Oztopo handia izango al zen hori? Seletarentzat ez behintzat! Ziztu bizian hasi da berriatuarra eta lehen postuari eutsi dio une guztian. Izugarrizko lasterketa egin du eta hiru ordu eta erdi pasatxo baino ez ditu behar izan iristeko. Garaikurra eta 7.000 euro irabazi ditu, "El Conquistador del Caribe" saioan parte hartzeko txartelaz gain.

Zilarra beste gorri batentzat izan da, Aiorarentzat, alegia. Arin eta eroso egin du ibilbide guztia eta poza bikoiztu egin saio lehen bi sailkatuak gorri kolorekoak izan direla jakin duenean. Atzetik iritsi dira hiru urdinak. Hirugarren tokian Nekane iritsi da. Andorrako garaiera izan du arerio handiena galdakoztarrak. Denbora luzean atze-atzetik ibili da, baina azken kilometrotan Sudupe eta Gontzal aurreratu eta brontzezko domina eskuratu du podiumean. Gontzal laugarren iritsi da eta Sudupe, bosgarren.

Bitartean, Gorrotxak bere lehiaketa propioa egin du. Sei ordu behar izan ditu ibilbide guztia egiteko, baina lortu du, Ismael Mateo entrenatzaile tematiari esker.

"Izan Invictus" lehiaketa amaitu da, baina laster ikusiko dugu Aiora berriro ere telebistan. Izan ere, "El Conquistador del Caribe" lehiaketan parte hartzea erabaki du, lehen bi sailkatuek horretarako aukera baitute. Aukera hori aprobetxatuko al du Invictus handienak, Seletak? Hemendik gutxira jakingo dugu!