Itxi

Iparraldearen Orena

Iparraldearen Orena

Iparraldearen Orena

Ipar Euskal Herria

'Iparraldearen Orena', astelehenetik ostiralera, ETB1en

A.E.

EiTB

Astelehenetik ostiralera, aktualitate berriak, erreportajeak eta berrikuntza ugari izango ditu saioak. Sukaldaritza eta txangoei buruzko tarteak izango dira, besteak beste.

Bi urteko geldialdiaren ondotik, 'Iparraldearen Orena' saioa ETB1eko programaziora itzuli da, Maddalen Iriartek zuzentzen duen 'Azpimarra' saioaren ondotik.

1992az geroztik Ipar Euskal Herriko aktualitatea eta erreportajeak biltzen dituen saioa berrikuntzaz beterik dator astelehenetik ostiralera, egunero kronika bereziak izango baitira: ikerketa erreportaje landuak, gastronomiari buruzko erreportajeak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako sukaldariekin, eta hiru lurraldeetan barrena ibilaldiak egiteko gomendioak.

Ostiraletan, asteburuko planak, kultura zein kirol munduan, zeintzuk izango diren azalduko du ETB1eko aspaldiko saio berrituak. Astearteetan, Baionaldeko gaskoiek eta euskaltzaleek toki berezia izango dute, okzitaniera eta euskararen arteko loturak azaltzen dituen asteroko tartean.

EiTBk Baionan osoki ekoizten duen saio honek harremanak indartu nahi ditu Ipar eta Hego Euskal Herriko ikus-entzuleen artean. Iparraldekoentzat bide errazena izango da ETBko programaziora sartzeko, eta hegoaldekoentzat ate bat izango da Bidasoa ibaiaren iparraldean gertatzen den guztiaren berri jaso eta ulertzeko.

Franck Dolosor, Nerea Olaso, Guillaume Irigoyen, Iñaki Esnal eta Andoni Lizeaga kazetariek osatzen dute 'Iparraldearen Orena' saioko lantaldea. Ipar Euskal Herriko tokiko berrien saila prestatzeaz gainera, beren albiste eta erreportajeak agertuko dira egunero, orain arte bezala, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan, 'Azpimarra' eta 'Eguraldia' saioetan, eta Euskadi Irratiaren eta Radio Euskadiren uhinetan.

Aste osoko erreportajeen bilduma igande goizetan eskainiko dute 'Iparraldearen Orena Astekaria' saioan, ETB1en, 09:00etan.

Sare sozialetan ere, gero eta toki gehiago izango dute Ipar Euskal Herriko erreportajeek Twitter @Iparralde_orena eta Facebook orrialdean.

Iparra ez galtzeko, ETB1en dago berriz ere eguneroko 'Iparraldearen Orena'.