Itxi

Tribuaren Berbak

Tribuaren Berbak

Tribuaren Berbak

22:25ean

Korrikari buruzko saioa berezia, gaur gauean, 'Tribuaren Berbak'en

EITB

Euskararen eta AEKren aldeko lasterraldian parte hartuko duten hainbat lagunekin hitz egingo du Kike Amonarrizek, eta Korrikaren atzera begirakoa ere egingo du.

0:32

Gaur gauean, Korrikaren 19. edizioa hasteko bezperan, Kike Amonarrizek Korrikako petoa jantzi eta Euskal Herriko hainbat txoko bisitatuko ditu 'Tribuaren Berbak' saioan.

Donostiako San Telmo museoan egingo du lehen kilometroa, bertan gordetzen baita Korrikako jatorrizko lekukoa, Remigio Mendiburu eskultoreak 1980ko lehen ediziorako egin zuen lekuko hura. Bertako teknikari batek, Agurtzane Garaik, euskal kulturarekin zerikusia duten beste hainbat objektu erakutsiko dizkio Kike Amonarrizi.

'Tribuaren Berbak' saioaren lasterraldi berezia Hendaiara iritsiko da gero. Amets Arzallusek orain bi urte Baionan irakurri zuen mezuari eta mezua bera sortzeko prozesuari buruz hausnarketa egingo du bertan. Korrikaren atzera begirakoa, berriz, Edurne Brouard Korrikako koordinatzaile ohiak egingo du.

Juan Gorriti artista nafarrarekin Korrikak esanguratsuen duen elementuaz ariko da solasean Kike Amonarriz: lekukoaz. Zer dela eta hunkitzen gaitu hainbeste objektu horrek? Juan Gorritik badu bere teoria.

'Tribuaren Berbak' saioko furgoneta berezia Bilbora iritsiko da ondoren, eta Areatzan –Korrika bertan amaituko da aurten- Asier Amondo Korrikako koordinatzaile berriarekin elkartuko da saioko lantaldea.

Horrez gain, Korrikako kantak gogoratuko dituzte. Lehen ediziokoa Xabier Amurizak abestu zuen, eta berak azalduko du zein garrantzia duen abestiak Korrikan.

Kike Amonarrizek egingo duen elkarrizketen artean, bada bat nahiko berezia dena. Andoni Seijo lekeitiarra "Ibilbidea" taldekoa da; alegia, Korrikako hamar egunak furgonetan igarotzen dituen taldeko partaidea. 'Tribuaren Berbak' saioan, furgoneta nola prestatzen duten ikusiko dute, eta Andoni Seijok bitxikeria mordoa kontatuko du Korrikari buruz.

Erriberako lagunak ere azalduko dira saioan. Alizia Iribarren AEK-ko Nafarroako koordinatzaileak hango antolakuntza-lanei buruzkoak kontatuko ditu, eta, programa amaitzeko, Kike Amonarriz Urepelera joango da, Korrikako antolatzaileei 0. kilometroko petoa ematera. Xan Aire eta Karine Etxeberri izango ditu solaskide han.

'Tribuaren Berbak', 22:25ean, ETB1en.