Itxi

Txikon Xtreme

Igandeetan

'Txikon Xtreme', goi-mendia eta abentura Alex Txikonen eskutik, ETB1en

EITB

Lemoako alpinistak bere azken erronkak ekarriko ditu telebistara; besteak beste, Laila Peak eta Lhotse mendien konkista, edota Estatuan zein Himalaian egin dituen base-jauzi ikusgarriak.

1:16
Alex Txikon

Euskal Telebistako lehen kateak Alex Txikon himalayistaren tarte berria, 'Txikon Xtreme', estreinatuko du datorren igandean, ekainak 9. Planetako mendi gailur esanguratsuenetan lortutako kirol erronken eta abenturen erakusleiho izango da tartea. Lau atalez osatutako sorta izango da, eta bakoitzak ordu beteko iraupena izango du. Hauetan guztietan, Txikonek burutu dituen igoeren zailtasun teknikoa erakusteaz gain, "mendiko baloreak" erakutsiko ditu: naturari, muturreko abenturei eta bidean topatzen dituen lagun bereziei dien begirunea eta maitasuna agerian utziko ditu. Ikus-entzuleek ekaineko igande guztietan izango dute zita bizkaitar kirolariarekin, gaueko 21:00etatik aurrera ETB1en. Gainera, sare sozialetan ere #TxikonXtreme traolaren bitartez jarraitu daitezke Txikonen pausoak.

'Bizkaia gailurretan-Bilbotik Lothsera euskaraz' azken espediziotik bueltatu berri da Lemoako mendizalea. Lothseko gailurra (8.516 metro) zapaldu berri duela, eta horrenbestez, bere hamargarren zortzimilakoa igo ostean aurkeztuko du ETB1eko 'Txikon Xtreme' tartea. Lau emanaldi izango dira eta bakoitzean, burutu dituen espedizioetan gizatasunez aritzeak eta kiroltasunez jarduteak duen balioa azpimarratu nahi izan du. Txikonek naturaren aurka neurtuko ditu indarrak behin eta berriro, eta hau egitera bultzatzen duen pasioa azaltzen saiatuko da lau ataletan zehar.

Une latzak eta pozgarriak

Jorratuko duen gai nagusietako bat heriotza izango da. 2012an Gasherbrum I (8.080 m) tontorra zapaltzeko saiakera egin zuenean, zeroz azpitik 60 graduko tenperaturari aurre egin behar izan zion. Esperientzia pertsonal gogorra izan zen kirolariarentzat, baina hiru kide bidean galtzea, are bizipen latzagoa.

Bizi izan dituen une pozgarrienak ere bilduko ditu tartean. Ikusgai izango da, esaterako, Sierra Nevadan 3.200 metroko altueratik base-jauzia egin eta Espainiako marka hautsi zuenekoa; edota, 5.000 metroko altueran Nuptse mendiaren inguruan paramotorrean egindako hegaldian bildutako irudi ikusgarriak. Une gogoangarrienen artean azpimarratu daiteke Laila Peakera inoiz egindako lehen neguko igoera, bestalde.

Emitituko den lehen atalak Jauzirik garaiena du izenburu eta ekainaren 9an izango da ikusgai. Txikonek Sierra Nevadako Pico Veletan egin zuen base-jauzi ausart bezain zirraragarriaz arituko dira honako honetan. Gainera, paramotorrarekin Nuptse (7.516 metro) mendiaren hegalean arrisku handiko hegaldia burutu zueneko irudiak ere sartuko dituzte. Bertigoa, zorabioa eta jauziek eragiten duten zirrara sentituko dute ikus-entzuleek. Txikonek, Patrick Gisasola eta Dario Barrio batetik, eta Ramon Morillas bestetik, izan zituen abentura hauetan kide eta lagun.

Bigarren emanaldian 'Txikon Xtreme'k mendizale euskaldunaren azken espedizioaren berri emango du. Alde batetik, Nuptsera egindako ahalegina, eta, bestetik, Lothse mendiaren igoera kontatuko dute. Alex Txikonek Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayo kordada kideak izango ditu bidelagun atal honetan. Halaber, kanpamendu nagusian nazioarteko alpinista ezagunak ere topatuko ditu bizkaitar mendizaleak. Orain gutxi hil den Alexei Bolotov errusiarrarekin bizitako uneak oroituko dituzte bereziki. Iñaki Ochoa de Olza mendizalearen erreskate lanetan berebiziko garrantzia izan zuen errusiarrak. Bestalde, Katmanduko herrixketan barrena ibiliko dira bertako kultura eta ohitura ezagutzeko.

Laila Peaken tontorra izango dute jomuga hirugarren atalean. Jose Manuel Fernandezekin batera, Alex Txikon mendizaleak tontorrea igotzea lortu zuen, nahiz eta zailtasun asko eduki. Mugarri bat ezarri zuten Laila Peak (6.096 metro) mendiko tontorrera igotzean. Izan ere, neguan egindako lehenbiziko igoera izan baitzen. Laila Peak mendia "munduko mendirik politena" bezala ezagutzen da, Karakorumeko piezarik preziatuena. Atal honetan, Txikonen espedizio kide ugari ezagutuko ditu, tartean, Juanjo San Sebastian, Sebastian Alvaro, Ramon Portilla eta Jose Fernandez.

Azken emanaldian, Gasherbrum I mendian bizitako gertakari ilunak ekarriko dituzte gogora. Lemoarrak mendizaletasunaren alderik latzena erakutsiko digu atal honetan. Mendiak sakrifizioa eskatzen du, ahalegina eta apaltasuna, horregatik Txikonek aurrera ez egitea erabaki zuen erronka honetan. Gerfried Goschl, Cedric Hählen eta Nissar Hussain espedizio kideek igoerari ekin zioten, baina ez zuten bukatzerik izan. Eguraldi kaskarra medio, mendian eman zuten azken arnasa. Zergatik ez zen Txikon haiekin igo? Baliteke muturreko egoera antzemateko intuizioa eduki izana.

#TxikonXtreme

Saioaren inguruko informazio guztia, argazkiak eta une gogoangarrienen bideoak www.eitb.com eta www.alextxikon.com webguneetan topatuko dituzte laster 'Txikon Xtreme'n jarraitzaileek. Dokumentalak bere osotasunean ikusi nahi dituztenentzat, berriz, EITB Nahieranen aurkituko dituzte. Gainera, ikus-entzule eta zaleekin zuzeneko komunikazio eta harreman kanala zabalduko dute #TxikonXtreme traolaren bitartez.