Itxi

Bigarrenak

Bigarrenak

Bigarrenak

Itsaski broxetak kuskus beltzarekin
Itsaski broxetak kuskus beltzarekin
Osagaiak
  • Zapo txiki bat
  • Otarrainxkak, 16
  • Txibia bat
  • Esnea txibia beratzeko
  • Oliba olioa
  • Perrexil ta baratxuri zatitua, 2 koilarakada
  • Limoi baten zukua
  • Kuskusa, katilukada 1
  • Txibia tinta, koilarakadatxo bete bat
  • Gurina, 50 g
  • Fumeta egiteko:
  • Zapoaren hezurra eta burua
  • Otarrainxken azalak eta buruak
  • Porru 1
  • Azenario 1
  • Tipula 1
  • Baratxuri 1
  • Perrexila
  • Pattarra, 100 ml
  • Tomate saltsa, 100 g
  • Ura, litro 1
  • Maionesa saltsa egiteko:
  • Arrautza 1
  • Ekilore olioa, 300 ml
  • Limoi tanta batzuk
  • Ozpin tanta batzuk
  • Lea perrins tanta batzuk
  • Crème fraîche, 2 koilarakada
Prestaketa

Txibiak laukitxotan moztu, ontzi batean esnetan jarri eta hozkailuan 2 orduz beratzen utzi samurtu dadin.

Otarrainxkak zuritu. Azalak eta buruak fumeta egiteko baztertu eta isatsak hozkailuan gorde.

Fumeta egin

Tipula, azenarioa eta baratxuria zuritu eta zatitxotan moztu. Porrua garbitu eta zatitu.

Eltze sakon batean oliba olio txorrotada eder bat berotu eta barazkiak (perrexila barne) bertan erregosi. Erregosten ari den bitartean gatza gehitu.

Otarrainxka buruak eta azalak gehitu, egurrezko koilara baten laguntzarekin buruak zapaldu eta 3 minutuz erregosten utzi.

Pattarra gehitu eta su eman, garreztatu.

Segidan, zapoaren burua eta hezurra erantsi, tomate saltsa gehitu eta 2 minutuz zukuak integratzen diren arte su bizian utziko dugu.

Ura gehitu, gatzez ondu eta 15 minutuz egosten utzi ondoren, iragazi egingo dugu.

Kuskusa prestatu

Kuskusa neurtzeko erabili dugun katilu bat eta laurden fumet kazo batean irakiten jarri. Txibien tinta gehitu eta ongi desegiten den arte nahasi.

Kuskusa ontzi sakon batean jarri.

Fumet beltza kuskusari poliki-poliki gainera isuri eta ontziari eskuekin jirabira batzuk eman kuskus guztia bustitzeko.

Kuskusaren ontzia plater batekin tapatu eta 3 minutuz pausatzen utzi.

Gurina dadotxo txikitan moztu.

Kuskusaren ontziari platera kendu, kuskusari gurina gehitu, sardeska batekin kuskus aleak harrotu eta berriro ere plater berarekin ontzia estali eta pausatzen utzi.

Maionesa

Irabiagailuaren ontzian arrautza, ekilore olioa (250 ml), limoi tantak, ozpina, gatza eta perrins saltsa ipini eta irabiagailuarekin emultsionatu. Horretarako, hasieran, irabiagailua ontziaren oinarrian mantendu, 2 minutuz gutxienez, eta gero gora eraman.

Maionesa katilu batera atera, crème fraîche-a gehitu eta ongi nahasi.

Nahi bada tipulina edo martorria gehitu genitzake.

Broxetak

Zapoa dadotan moztu eta txibia zatiak esnetatik atera eta xukatu.

Otarrainxkak hozkailutik atera eta broxeta-zirian txibia eta zapoa tartekatuz sartu. Ziri bakoitzean bi otarrainxka, bi txibia zati eta bi zapo zati adibidez.

Platera zabal batean oliba olioa jarri eta broxetak bertan bi aldetatik busti.

Plantxa moduko zartagina ongi berotu eta broxetak bertan kozinatu, bi aldetatik.

Broxetak zartaginetik atera aurreko minututxoan. Ondoren, limoi zuku apur bat eta perrexil eta baratxuri zatitu nahaskia gainetik bota.