Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Patata eta saltxitxa lasagna arto saltsarekin
Patata eta saltxitxa lasagna arto saltsarekin
Osagaiak
  • Patata eder bat (edo 2 ertainak)
  • 4 bratwurst saltxitxa
  • Arto gozoa, lata txiki bat
  • Gurina, 50 g
  • Salda, 300 g
  • Esne-gaina, 250 g
  • Ardo zuria, 50 g
  • Ziapea, koilarakada bat
  • Gatza eta piperbeltza
Prestaketa

Patata zuritu eta mandolinaren laguntzarekin xerra finetan ebakiko dugu. Lapiko bat urarekin sutan jarriko dugu eta irakiten hasten denean, minutu pare batez galdarraztatuko ditugu bertan patata xerrak. Atera, ur hotzetan sartu eta jarraian sukaldeko paper gainean utzi lehortzen.

Saltxitxen haragia atera eta ondo zanpatu. Jarraian, saltxitxa patata xerra gainean zabaldu eta geruzaka jarriz milorri bat egingo dugu. Milorriak eginda daudenean, azken geruza gainean gurin pixka bat jarri. Labea haizearekin 160 ºC-tan jarriko dugu eta bertan sartuko ditugu milorriak berotzen, 10 minutuz.

Saltsa egiteko, artoaren erdia gurin pixka batekin erregosten jarriko dugu. Jarraian, ardo zuria gehitu, lurrundu eta segituan salda eta esne-gaina gehituko dizkiogu. 5 minutuz irakiten izan ondoren, saltsa birrindu eta iragazi. Gainerako arto aleak saltsara gehitu eta sutan jarri berriro. Irakiten duenean, gatzez eta piperbeltzez ondu eta platerean izango ditugun lasagnak busti berarekin.