Mundua -
Burka
Frantziak maiatzean aurkeztuko du burkaren kontrako lege proiektua
Leku publikoetara zabaldutako debeku orokorra izango litzateke. Debeku hori guztiz legezkoa izan ez daitekeela ohartarazi zuen Frantziako Estatu Kontseiluak.
Erredakzioa
Leku publikoetan Burkaren (emakumearen gorputza erabat estaltzen duen islamiar-beloa) erabilera debekatzeko lege proiektua prestatzen ari da Frantziako Gobernua.
Leku publikoetara zabaldutako debeku orokorra izango litzateke eta ez soilik zerbitzuetara (garraioa, gobernu eraikinak, ospitaleak edo eskolak), Luc Chatel Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez.
"Debekua orokorra izan behar da leku publiko guztietan; izan ere, emakumearen duintasunak ez du mugarik", adierazi du Chatelek. Hala ere, ekimena aurrera eraman behar da "inor iraindu gabe".
Chatelen hitzetan, maiatzean proiektua ministro-kabinetera bidaliko dute eta beranduago Parlamentura, eztabaidatua izateko.
Aginte moral eta erlijiosoen laguntzarekin adostuko dute testua.
2.000 emakume inguruk erabili ohi dute Frantzian debekatu nahi duten beloa.
Sarkozy presidenteak sustatu zuen burkaren erabileraren aurkako ekimena Frantzian; era berean, legez debekatzearen alde agertu zen lehenetarikoa izan zen. "Emakumearen duintasunaren aurka egiten du", azaldu du Sarkozyk.
Dena den, burkaren debeku orokorra guztiz legezkoa izan ez daitekeela ohartarazi zuen Frantziako Estatu Kontseiluak joan den martxoan.