Politika
ETAren aurkako operazioa
Hernanin eta Seguran atxilotutakoak gaur eramango dituzte Madrilera
Erredakzioa
Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu zituen atzo, Ibai Beobide asteburuan atzemandako ETAko ustezko kidearekin lotuta.
Guardia Zibilak atzo Hernanin eta Seguran (Gipuzkoa) lau pertsona atxilotzeko abiatutako operazioa zabalik dago oraindik.
Laurak Ibai Beobide asteburuan atxilotutako ETAko ustezko kidearekin lotura dutelakoan atzeman zituzten, eta orain polizia-etxean dauzkate, Madrilera noiz eramango.
Atxiloketak atzo arratsaldean egin zituzten. Hain zuzen ere, Hernanin Juan Mari Mariezkurrena (57 urtekoa) eta senar-emazte batzuk atzeman zituzten. Azken bi horiei Beobide ezkutatzea egotzi diete. Seguran Euri Albisu (31 urtekoa) atxilotu zuten.
Halaber, Guardia Zibilak etxe batzuk miatu zituen Gipuzkoan eta Bizkaian.
Gipuzkoan bi miaketa egin zituzten Hernanin eta Seguran, eta Bizkaian beste bi Larrabetzun eta Deustun (Bilbo).
Bien bitartean, Ibai Beobide Madrilen daukate, polizia-etxean. Atzo atxilotutakoak gaur bertan eramango dituzte seguru aski.