Politika -
M-22ko Hauteskundeak
Urizar: 'Bildu ez da ezetzaren apustua izango, eraikuntzarena baizik'
Koalizioak lortutako emaitzak "normalizazio politikorako eta bakerako bidea" izango direla esan du Martin Garitano Bilduren Gipuzkoako hautagai nagusiak.
Erredakzioa
Bilduk hauteskundeetan lortu dituen emaitzak ETAren behin betiko desagertzearen seinale direla adierazi du Pello Urizar bozeramaileak eta koalizioa "eraikuntzarako apustua" dela gaineratu du.
Alderdia hauteskundeetan egoteko heldu dela adierazi du Urizarrek, baina lortu duten babesa ikusita "kudeatzeko" ere iritsi direla aitortu du. "Ez da ezetzaren apustua izango, eraikuntzarena baizik", azaldu du.
Hauteskunde ondorengo hitzarmenen ondorioz Bildu erakundeetatik kanpo geratuko ote den galdetuta, "aukera guztiak daude", esan du Urizarrek, baina "jakina zen Bilduk ikuspegi politikoa aldatuko zuela eta horrek urduritasuna sortzen zuen", gaineratu du.
Urizarren ustez, "ibilbide luzeko apustua da" eurena, eta "euskal gizarteak ez du ulertuko jasotako babesa beste indar batzuek oztopatzea".
"Guztiok konturatu gara PPren eta PSEren arteko itunak ez duela euskal gizartearen begikotasun handirik jasotzen, eta EAJk itun hori babesten badu, euren jarraitzaile askok ez dute ulertuko", adierazi du.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusigaiaren iritzian, koalizioak lortu dituen emaitzek "normalizazio politikorako eta bakerako bidea" izan behar dute.
SER irratian egindako elkarrizketa batean, erakundeetan ordezkaritza lortu duten gainerako indarrekin "negoziatzeko prest" agertu da.
"Ez dugu inorekin hitz egitea baztertzen, elkarrizketa izango da konponbideak bilatzeko plataforma", nabarmendu du Garitanok.
PSEko ordezkariek "zoriontzeko eta hitz egiteko prest agertzeko" deitu dietela onartu du Garitanok.