cerrar buscador

22:08

eguraldia

Negu giroko eguraldia

Goizaldean, 500-600 metrotan egingo du elurra

Erredakzioa

Larunbat honetan eguneko lehen erdian zerua estalita egongo da eta euria egingo du. Goizean zehar atertzera egingo du eta urdinguneak zabalduko dira. Arratsaldean euria ahul bota dezake.

2:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Eguraldia da ostiral honetako protagonistetako bat. Elurrak goi eta barnealdeko zenbait gune zuritu ditu eta euria etengabe ari da zenbait tokitan. Hala, halakoetan ohikoa denez, arazoak izan dira errepideetan. Iragarpenaren arabera, elur-kota 500-600 metrora jaitsiko da egunaren amaieran. Gasteizen, esaterako, elur bustia egin du goizean.

Larunbat honetan eguneko lehen erdian zerua estalita egongo da eta euria egingo du, gehienbat kantauri isurialdean. Goizaldean txingorra botako du ekaitzetan. Goizean zehar atertzera egingo du eta urdinguneak zabalduko dira. Arratsaldean euria ahul bota dezake.

Lehen orduan izandako elurteen ondorioz, kamioientzat itxita egon dira Azazeta eta Opakuako mendateak (Araba) baina dagoeneko biak zabalik daude, nahiz eta arduraz gidatzea komeni.

Hain justu, Arabako Aldundiak martxan jarri du apirilaren 15era arte martxan izango den errepideetarako neguko plana. Horretarako, elurra kentzeko ehundaka makina eta 200 langile izango ditu lanean.

Dena dela, zazpi mendatetan kontuz ibiltzeko gomendioa eman du Ertzaintzak: Azazeta, Bernedo, Herrera eta Gasteizko gaina (Araba), eta Elosua, Arantzazu, Deskarga (GI-632), Etxegarate (N-1), Berastegi (A-15) eta Mandubia (Gi-2635) (Gipuzkoa). Hain zuzen ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur ekin dio errepideen neguko planari, "0 arriskuko fasea" indarrean ipinita. Hala, elurra kentzeko 12 makina daude aipatu mendateetan.

Aurtengo kanpaina iazko aurrekontua mantenduko du, 2,5 milioi euro; eta nobedade bakarra gatz horniketan egongo da. Guztira 78 ekipo egongo dira lanean, noranahiko 14 ibilgailu eta lurralde osotik banatutako 38 zilo eta biltegi sarea barne.

Idiazabalen, N-I errepideko errei bat itxita dago Gasteizko noranzkoan elurra dela eta, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Errepidea ordu erdi itxita egon da Gasteizko noranzkoan Etxegarate mendatean botatako elurragatik. Errepidea garbitu eta gero errei bat zabaldu dute.

Nafarroan, Aralarko San Migel mendatea itxita dago, 11. kilometrotik aurrera.Hain justu, gaur abiatu du foru gobernuak Nafarroako errepideetako neguko plana. Hauek dira Nafarroak eskura izango dituen neurriak: 335 lagun, elurra kentzeko 126 makina, 82 ekipo osagarri, sei turbofresagailu eta 111 udal eta kontzejuren ekipoak.

Luis Zarraluqui Sustapen sailburuak prentsaurrekoan adierazi du, ekintza guztiak Errepideen Mantenimendurako departamentuak koordinatuko dituela. Zentroak intzidentziak detektatuko ditu, eta baliabideen mobilizazioa antolatuko du.

Aenak ere gaur abiatu du neguko plana Estatuko 19 aireportutan, tartean Bilbo, Hondarribia, Noain eta Gasteizkoetan.

Auto-ilarak A-8an, eta istripuak, nonahi

Mendateetan dauden arazoez gain, ezbehar ugari izan dira errepideetan goizean zehar. Arazo gehien sortu dituena goizean goiz jazo da, Bizkaian. Autobus batek eta hiru autok elkar jo dute A-8an, Iurreta parean, eta auto-ilara luzeak egon dira bi orduz Bilborako noranzkoan.  Istripua 08:00ak aldera gertatu da, txingor-ekaitz batek bete-betean harrapatu ditu ibilgailuok, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Istripuan ez da inor zauritu.

Gainerakoan, eguraldiaren eraginez, istripu ugari izan dira goizean, gehienetan, ibilgailuak bidetik atera dira.

Elurra Araban eta Nafarroan

Euskal Herriak neguko lehen elurteak ikusiko ditu datozen orduetan. Izan ere, haize hotza izango da eta, horrenbestez, tenperaturak nabarmen jaitsiko dira.

Gasteizen elurra izan da goizean, baita Agurainen ere. Nafarroako Sakanan, adibidez, zuritu egin du.

eitb.com-eko erabiltzaileek argazkitan jaso dute egoera.

Abisu horiak elurragatik eta euriagatik

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Euskalmeten bidez, abisu horiak ezarri ditu Bizkaian eta Gipuzkoan, asteburuan izango diren zaparraden ondorioz. Ugariak eta gogorrak izango direla ohartarazi du, batez ere isurialde atlantikoan. Baliteke ekaitza eta kazkabarra ere izatea.

Tenperaturak jaitsi ahala, elur-kotak ere behera egingo du asteburuan zehar. Litekeena da 1.000 metrotik behera elurra egitea ostiralean, larunbatean eta igande goizean.

Euskalmeten arabera, litekeena da 500-600 metrora iristea. Gune altuetan, hau da, 1.000 metrotik gora, aurreikusitako elur-lodierak esanguratsuak izango dira eta baliteke 20 zentimetrotik gorakoak izatea.

Tenperatura maximoak 7 eta 13 gradu artean izango dira asteburuan zehar.

Bestalde, olatu handiak izango direla ohartarazi du Euskalmetek, 3,5 metro ingurukoak.

Bestalde, Gasteizko Udalak Elurteen Planeko larrialdi fasea martxan jarri du; izan ere, 600 metrotan 0-5 zentimetroko elur geruza pilatu daiteke gaur, eta egoera larunbatean errepikatu daiteke.

Nafarroan, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak, abisu horia ezarri du erdialdean eta Pirinioetan.

Iruzkinak