19:55

eguraldia

Eguraldia

Kantaurialdea alerta laranjan euri-jasa bortitzak direla-eta

Erredakzioa

Egoera gordindu egingo da asteazkenean. Irun-Brinkola Renferen aldirietako zerbitzuan atzerapenak izan dira luizi baten ondorioz. Errepideetan normaltasuna da nagusi.

73
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Azken egunetan penintsulako iparraldea astindu duen euri denboralea Euskadira iritsi da jada.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gogotik egingo du euria, egun osoan, eta leku askotan txingorra ere botako du. Guztira 60 litro ur jasoko dituzte metro karratuko.

Nolanahi ere, txarrena asteazkenean etorriko da, metro karratuko 80 litro jasoko baitituzte.

Arazoak Renfen

Luizi batek Renferen aldirietako tren-zerbitzua eten du 03:00 aldera Irun-Brinkola linean, Pasaia parean, enpresa publikoak jakitera eman duenez.

Aipatu iturriaren arabera, trenen zirkulazioa errailetako batetik bakarrik pasatzen aritu dira eta 20 minutu inguruko atzerapenak izan dira 11:00ak arte.

Renfek zehaztu du guztira 23 treni eta 3.500 bidaiariri eragin diela luiziak.

Normaltasuna errepideetan

Herrizaingo Sailak, bere aldetik, jakinarazi du Gipuzkoako eta Bizkaiko errepideetan batez ere istripuak izan direla, baina ez dela zauritu edo auto-ilara larririk.

Gainera, ur putzu handirik ere ez omen da sortu.

Kontu handia

Rodolfo Ares buru duen Sailak ibilgailuetako argi laburrak edota lainoaren aurkakoak piztea, abiadura zaintzea eta balazta kontu handiz erabiltzea gomendatu du.

Halaber, segurtasun tartea handitzea eta ur-baltsak zeharkatzekotan balazten egoera egiaztatzea ere aholkatu dute.

Bestalde, larrialdi plana martxan jarri du Getxoko (Bizkaia) Udalak eta ibilgailuak Gobela ibaitik gertu ez uzteko eskatu die biztanleei, neurri prebentibo gisa.

Asteazkenean, okerrera

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta horia ezarri du gaurko, eta laranja asteazkenerako.

Denboraleak atzo utzi zizkigun lehen euriteak, baina badirudi oraingoz ez dutela arazo larririk eragin.

Adibidez, puntu beltz ohikoenetako batean, Gobela ibaian (Getxo) hain zuzen ere, ur emaria maila normalean dago, gau osoan euria egin badu ere, eta ez dago uholde arriskurik une honetan.

Denboralea bi faktorek eragin dute: Alde batetik, Euskalmetetik azaldu dutenez, aire hotz masa batek ekarritako desegonkortasunak, eta bestaldetik, Mediterraneo itsasoan eratu den ekaitz batek.

Herrizaingo Sailak alertaren berri eman die udalei, larrialdi zerbitzuei eta zerbitzu publikoa eskaintzen duten enpresei, neurriak har ditzaten.

Zirkulazioari buruzko informazioa

- Euskadi: 902 112 088. Interneten trafikoa.net webgunean.

- Nafarroa: 900 400 100. Interneten navarra.es webgunean.

Iruzkinak