16:19

eguraldia

Iragarpena

Alerta horia EAEn ekaitz bortitzak eta txingorra direla eta

Erredakzioa

Gaur hasiko dira zaparradak; mardulak eta ekaiztsuak izan litezke. Igandean egoera egonkortzen hasiko da.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Herrizaingo Sailak gaur eta larunbatean aktibatu du alerta horia Euskal Autonomia Erkidegoaren mendebaldetik helduko diren ekaitza indartsuak eta txingorra direla eta. Gaur arratsaldean hasiko dira zaparrada mardulak eta ekaiztsuak eta larunbat goizaldera arte iraungo dute, Euskalmetek iragarri duenez.

Gaur arratsalderako, giroa ezegonkortuz joango da, eta ilunabarrerako zaparradak denera iritsiko dira. Goizean, behe-lainoa altxatu ostean, hodeien artetik eguzkia ikusteko moduan izango gara eta hego-haizeak lagunduta termometroak 30 ºC-ra gerturatuko dira barnealdean, eta kostaldean 26-28 ºC artean geldituko dira. Arratsaldean, aroak beltzera egingo du eta hodei multzo ilunak ugarituz joango dira; zaparrada giroa nagusituko da eta egunaren amaieran han-hemenka trumoi-zaparrada handiak bota ditzake eta txingorra ere bota dezake punturen batean.

Tenperaturak nabarmen egingo du behera eta bustitik joango da eguna, bihar. Goizaldean oraindik ere trumoi-ekaitzak jo eta zenbait puntutan gogotik bota dezake, gainera ezin dezakegu baztertu punturen batean txingorra botatzeko aukera. Eguerdi partean, giroa zertxobait lasaitu egingo da, baina arratsalde-gauean berriro ere zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Iparraldeko haizearekin giroa freskatu egingo da, eta eguneko beroenak 20-25 ºC artean geldituko dira.

Arratsaldean urdingune politak irekiz joango dira, igandean. Zeru goibelarekin argituko du egunak, bereziki kantauri isurialdean, eta oraindik ere han-hemenka zerbait busti dezake. Egunak aurrera egin ahala, poliki-poliki giroa lehortuz eta zerua arinduz joango da. Arratsaldean urdingune zabalak irekiko dira, bereziki hegoaldean. Tenperaturak pittin bat gora egingo du, eta eguneko beroenak 23-27 ºC artean geldituko dira.

Astelehenean eguraldiak hobera eta egonkortze aldera egingo du. Tenperaturak igotzen hasiko dira datorren asteko lehenengo egunean, baina asteazkenerako ekaitzak espero dira.

Kontsultatu eguraldiaren iragarpena eitb.com-en eta bidali argazkiak Udablogera.

Iruzkinak