2025ko elkartasun maratoia, zahartze osasuntsurako diru-bilketa - EITB Maratoia

EiTB MARATOIA
Gasteiz
EiTB
Haur minbiziaren kontra abestera gonbidatzen gaitu Vital Fundazioak, igandean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Parte hartzen duen pertsona bakoitzeko euro bateko dohaintza egingo du Vitalek.


Informazio gehiago (4)
EiTB Maratoiarekin bat egin eta Vital Fundazioak deialdia egiten die herritar guztiei haur minbiziaren kontra abesteko. Hitzordua igande honetan izango da, abenduak 1, 13:30ean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Bertara hurbiltzen diren lagun guztiek 'Lau teilatu' abestu ahalko dute ETB1eko 'Ahotsak' saioko abesbatza finalistekin batera. Julian Iantzik eta Hibai Etxebarriak aurkeztuko dute igandeko ekitaldia.
Ekimenean parte hartzen duen pertsona bakoitzeko Vital Fundazioak euro bateko dohaintza egingo du, haur minbiziaren ikerketan laguntzeko. Halaber, Vital Fundazioaren eskutik ere, oroitzapen-buffak banatuko dira (horiek bukatu arte). Kirolariek erabili ohi dituzten buffak ezinbesteko bihurtzen dira kimioterapia tratamenduan dauden haurrentzat, burua estaltzeko. Hala, EiTB Maratoiak buffa jantzita argazkia atera eta #EiTBMaratoia traolarekin partekatzera gonbidatzen ditu herritarrak.
Animatu 'Lau teilatu' abestera
Orain arte abenduan egiten zen maratoiaren sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina. Alabaina, hemendik aurrera, denbora tartea zabalduko da eta ekintza gehiago antolatuko dira. Hala, EiTB Maratoiak egitasmo handi baten parte izateko gonbidapena luzatu dio euskal gizarteari: inoiz egin den 'Lau teilatu' abestiaren bertsiorik onena sortzea. Parte-hartzaile anonimoen eta ezagunen grabazioekin bideoklipak egingo dira, aurtengo EiTB Maratoiari bukaera emateko.
Zatoz 'Lau teilatu' abestera 'Ahotsak' saioko abesbatzekin batera: Haur minbiziaren aurkako borrokak ahots asko behar ditu eta Vital Fundazioak dohaintza bat egingo du ahots bakoitzeko.
Produktu solidarioen salmenta
Abestuz laguntzeaz gain, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazara hurbiltzen direnek aukera izango dute ekarpen ekonomikoa egiteko.
Hala, goiz osoan zehar, EiTB Maratoiko produktu solidarioak egongo dira salgai, eta dohaintza egin nahi dutenek aukera izango dute, ordainketa elektronikoa egiteko sistema bat erabilita.
Lasaitasun eta garantia osoarekin erosteko, EiTB Maratoiarekin lotura duten salmenta eta dohaintza guztiak txartel bidez egingo dira eta diru-ekarpen guztiak zuzenean jasoko dira egitasmo honi lotutako kontu batean.
____________________________________________
Datuak babesteari buruzko araudia betetzeko helburuz, EiTBk, telebista- eta irrati-zerbitzu publikoa kudeatzeko eginkizunarekin bat, 'EiTB Maratoia: Lau Teilaturen bertsiorik onena, Vital Fundazioarekin' ekitaldian parte hartzen dutenei jakinarazten die ekitaldia ikus-entzunezko gailuekin grabatu egingo dela, batetik, ekitaldiari buruzko laburpena bat ekoizteko eta, bestetik, ekitaldiari buruz informatzeko EiTBren hedabideetan edo ekitaldia promozionatzeko. Horren ondorioz, ekitaldian parte hartzen duten pertsonen irudia eta ahotsa EiTBren hedabideetan (telebistan, irratian zein Interneten) zabal eta publikoki komunika daitezke. EITBri datuon tratamendurako zilegitasuna ematen dion oinarria 2016/679 Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.e art. da. Edozein momentutan, interesatuak eskubidea du dbo-dpd@eitb.eus-ren aurrean, EiTBk berari buruz batutako datu pertsonalak irispidean izateko, zuzentzeko edo ezerezteko, tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko, edo datuak transferitzeko. Adingabea bada, beraren ordezkari legalaren bitartez.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa
