Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Esklerosi anizkoitza

#BustitzenNaiz ekitaldi erraldoia, igande honetan Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan

EITB Media

EITB Maratoiak Arabako hiriburuko plaza berriz ere betetzeko deia zabaldu nahi du: herritar guztiak elkarrekin bustitzen, esklerosi anizkoitzaren ikerketaren alde. Hitzordua 13:00etan da.

  • EITB Maratoia 2022

    EITB Maratoia 2022

Igande honetan, abenduak 11, #BustitzenNaiz ekitaldi erraldoia hartuko du Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazak, 2022ko EITB Maratoiaren testuinguruan. Xedea hauxe da: Arabako hiriburuko plaza jendez bete esklerosi anizkoitzaren ikerketaren alde abestu, dantzatu eta bustitzeko, "Euritan dantzan" abestiaren doinuekin lagunduta. Hitzordua 13:00etan izango da.

2019an elkartasun uholde batek hartu zuen Gasteiz; eta orain ere kalera ateratzeko deia egiten die EITB Maratoiak herritarrei, aurten Gatiburen abesti ezagunarekin.

#BustitzenNaiz kanpainaren barruan antolatutako parte-hartze ekintza erraldoi honek Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntza du.

#BustitzenNaiz

Azken urteetan bezala, EITB Maratoiak guztion partaidetza bultzatu nahi du. Aurten, esklerosi anizkoitza da gaia, eta leloa, berriz, "Geldiezinak gara/ Somos Imparables". Jatorri ezezaguna duen gaixotasun horrek 2600 laguni baino gehiagori eragiten die Euskadin, eta ez du sendatzeko tratamendurik. Horren aurrean, EITB Maratoiak esklerosi anizkoitzaren ikerkuntzan azpimarra jartzeko deia egin nahi du, eta, euskal gizarte osoari zabaldutako proiektu gisa, herritarren partaidetza zuzena bilatuko du oinarrizko bi ildo nagusi hauen bitartez: batetik, gaixotasunaren ikerkuntzarako bideratuko diren dohaintzak jasoz; eta, bestetik, informazio eta sentsibilizazio kanpaina martxan jarriz. Hain zuzen ere, #BustitzenNaiz da aurtengo parte-hartze ekimena. EITB Maratoiak euskal gizarte osoa batu nahi du gaixotasunaren inguruan. Esklerosi anizkoitzak geldiarazi egiten ditu gaitza jasaten duten pertsonak; baina geldiezinak garela erakutsi nahi du EITB Maratoiak.

Nola parte hartu aurtengo erronkan?

EITB Maratoiak herritarrak animatu nahi ditu bideoak grabatu eta eitb.eus-era igortzera. Bertan, norbera ere bustitzea da xedea, Gatiburen "Euritan dantzan" kanta abesten eta dantzatzen duen bitartean. Baina nola busti? Dutxan gaudela, ura burutik behera erortzen zaigula, euripean bustitzen ari garela… esklerosi anizkoitzaren ikerketaren alde bustitzen garela erakustea betiere.

Ekarpen horiek guztiak EITB Maratoiaren webgunean argitaratzen dira, Zure Bertsiorik Onena atalean.

Orain aste batzuk abiatu zuen EITB Maratoiak #BustitzenNaiz erronka, eta ordutik asko eta asko dira jasotako bideoak eta ekarpenak, EITB Maratoiaren webguneko Zure bertsiorik onena atalean.

Instagrameko filtro berria

EITB Maratoiak #BustitzenNaiz erronkan parte hartzeko filtroa sortu da Instagramerako, birtualki bustitzeko aukera eskaintzen duena. Hala, story bat egiterakoan, 'EITB Maratoia' bilatuz gero, agertuko da filtroa. Gazteako "Dida!" saioko hainbat kidek estreinatu dute jada.

Bideoak grabatzeko materiala

Bideoak grabatu ahal izateko, abestiaren bi bertsio argitaratu ditu EITB Maratoiak: Karaokea eta bertsio instrumentala.

Letra ere jaitsi daiteke.

Esklerosi anizkoitzaren ezaugarri orokorrak

Esklerosi anizkoitza (EA) nerbio-sistema zentraleko gaixotasun autoimmunea da, eta garunaren eta muinaren berezko hanturan datza. Efektu horren ondorioz, nerbioak eta mielina galtzen dira, eta horrek nerbio sisteman orbainak ugaritzea eragiten du.

EA kronikoa, konplexua, endekapenezkoa, heterogeneoa eta aldakorra da. Pertsona bakoitzarengan modu ezberdinean agertzen da, eta haren sintomak motaren eta intentsitatearen araberakoak dira. Heldu gazteetan agertzen da, eta desgaitasun ez traumatikoaren lehen kausa da adin tarte horretan. Ez du sendabiderik, eta ez da ezagutzen zerk sortzen duen.

Euskadin, 2600 pertsonak dute esklerosi anizkoitza, eta 55.000 pertsonak baino gehiagok, Espainiako estatuan. Horietatik % 75 emakumeak dira. Diagnostikatutako kasuak 2,5 aldiz biderkatu dira azken 20 urteetan, eta bost minuturo, gaixo bat diagnostikatzen dute munduan.

Dohaintzak

Dohaintzak egiteko hainbat bide irekita daude jada: Dohaintzak egiteko doako telefono zenbakia (900 840 750), Bizum (33478) eta kontu korronteen bidez eman daiteke laguntza.

BIOEF da esklerosi anizkoitza ikertzeko emandako dirua jasoko duen erakunde publikoa. Hala, Berrikuntza, Ikerketa eta Osasuna Eusko Fundazioaren bitartez bideratzen da bildutako dirua ikerkuntza proiektuetara. BIOEFek ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza deialdi bat argitaratzen du. Horrela, proiektu zehatzen eskaerak jasotzen dira, eta kanpoko adituek zorrotz ebaluatzen dituzte kalitate zientifiko-teknikoa aztertuz. Proiektuak finantzatzeko egokitzat jotzen direnean, epaimahai batek interes zientifiko handieneko eta aplikagarritasun handieneko proiektuak aukeratzen ditu. Epaimahai horretan, zientzialariz, Osakidetzako medikuz eta Osasun Saileko kideez gain, gaixoen elkarteetako kideek ere parte hartu ohi dute.