Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

#BustitzenNaiz

EITB Maratoiaren erronka berria: 'Euritan dantzan' abestiaren doinuekin norbera ere bustitzea ikerketaren alde

EITB Media

2022ko EITB Maratoiak esklerosi anizkoitza du ardatz, 'Geldiezinak gara/Somos imparables' lelopean. Aurtengo ekimenak zera proposatzen du: herritarrek bideoak grabatzea Gatiburen "Euritan dantzan" kanta abesten eta dantzatzen, esklerosi anizkoitzaren ikerketaren alde bustitzen diren bitartean.

0:39

Esklerosi anizkoitza izango da aurten EITB Maratoiaren kausa, eta Geldiezinak gara / Somos imparables lelopean egingo du EITBk gaitzaren ikerketa bultzatzeko elkartasun kanpaina.

Jatorri ezezaguna duen gaixotasun honek 2600 laguni baino gehiagori eragiten die Euskadin, eta ez du sendatzeko tratamendurik. Horren aurrean, EITB Maratoiak esklerosi anizkoitzaren ikerkuntzan azpimarra jartzeko deia egin nahi du eta, euskal gizarte osoari zabaldutako proiektu gisa, herritarren partaidetza zuzena bilatuko du oinarrizko bi ildo nagusi hauen bitartez: batetik, gaixotasunaren ikerkuntzarako bideratuko diren dohaintzak jasoz; eta, bestetik, informazio eta sentsibilizazio kanpaina martxan jarriz. Izan ere, EITB Maratoiak euskal gizarte osoa batu nahi du gaixotasun honen inguruan.

Esklerosi anizkoitzak geldiarazi egiten ditu gaitza jasaten duten pertsonak; baina EITB Maratoiak geldiezinak garela erakutsi nahi du beste behin ere, eta #BustitzenNaiz aurtengo parte-hartze ekimena jarri du martxan. Horri lotuta, erronka berria bota nahi die herritarrei: norbera ere bustitzea esklerosi anizkoitzaren ikerketa sustatzeko, Gatiburen "Euritan dantzan" abestia soinu banda gisa erabiliz.

Nola parte hartu aurten?

Bideoak grabatu eta eitb.eus-era igortzera animatu nahi ditu herritarrak EITB Maratoiak. Bertan, norbera ere bustitzea da xedea, Gatiburen "Euritan dantzan" kanta abesten eta dantzatzen duen bitartean. Baina nola busti? Dutxan gaudela, ura burutik behera erortzen zaigula, euripean bustitzen ari garela… esklerosi anizkoitzaren ikerketaren alde bustitzen garela erakustea betiere.

Ekarpen hauek guztiak EITB Maratoiaren webgunean argitaratuko dira, Zure Bertsiorik Onena atalean.

Bideoak grabatzeko materiala

Bideoak grabatu ahal izateko, abestiaren bi bertsio argitaratu ditu EITB Maratoiak: Karaokea eta bertsio instrumentala

Esklerosi anizkoitzaren ezaugarri orokorrak

Esklerosi anizkoitza (EA) nerbio-sistema zentraleko gaixotasun autoimmunea da, eta garunaren eta muinaren berezko hanturan datza. Efektu horren ondorioz, nerbioak eta mielina galtzen dira, eta horrek nerbio-sisteman orbainak ugaritzea eragiten du.

EA kronikoa, konplexua, endekapenezkoa, heterogeneoa eta aldakorra da. Pertsona bakoitzarengan modu ezberdinean agertzen da, eta haren sintomak motaren eta intentsitatearen araberakoak dira. Heldu gazteetan agertzen da, eta desgaitasun ez traumatikoaren lehen kausa da adin tarte horretan. Ez du sendabiderik, eta ez da ezagutzen zerk sortzen duen.

Euskadin, 2.600 pertsonek dute esklerosi anizkoitza, eta 55.000 pertsonak baino gehiagok, Espainiako estatuan. Horietatik % 75 emakumeak dira. Diagnostikatutako kasuak 2,5 aldiz biderkatu dira azken 20 urteetan, eta bost minutuero, gaixo berri bat diagnostikatzen dute munduan.

Dohaintzak

Dohaintzak egiteko hainbat bide irekita daude jada: Bizum (33478) eta kontu korronteen bidez eman daiteke laguntza:

Titulartasuna: Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa (BIOEF), Esklerosi anizkoitza ikertzeko emandako dirua jasoko duen erakunde publikoa.

BIOEF Berrikuntza, Ikerketa, eta Osasuna Eusko Fundazioaren bitartez bideratzen da bildutako dirua ikerkuntza proiektuetara. BIOEFek ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza deialdi bat argitaratzen du. Horrela, proiektu zehatzen eskaerak jasotzen dira, eta kanpoko adituek zorrotz ebaluatzen dituzte kalitate zientifiko-teknikoa aztertuz. Proiektuak finantzatzeko egokitzat jotzen direnean, epaimahai batek interes zientifiko handieneko eta aplikagarritasun handieneko proiektuak aukeratzen ditu. Epaimahai horretan, zientzialariez, Osakidetzako medikuez eta Osasun Saileko kideez gain, gaixoen elkarteetako kideek ere parte hartu ohi dute.