EITB TALDEA
EITB Taldea
Zorionak Reala!: Realari Donostian egingo zaion harrera eta ospakizunak eskainiko ditu EITBk, zuzenean
EITB Media
Kopako garaipenaren emozioa lau haizetara zabaltzeko profesional talde zabala arituko da lanean ETB, ETB ON, kirolakeitb.eus, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Orain eta gainerako euskarri digitaletarako.
-
Reala 2026ko Kopako txapelduna
Realaren Errege Kopako garaipenaren ospakizuna eskainiko du EITBk zuzen-zuzenean eta esklusiban astelehen honetan. Profesional talde zabala arituko da lanean bost ordutik gorako emankizunean eta goi mailako teknologia eta baliabideak erabiliko ditu EITBk emozioz beteriko harrera jendetsua eskaintzeko. Besteak beste, helikopteroa, 2 drone, segwaya eta beste 11 kamera jarriko ditu Anoetan hasi eta udaletxean amaituko den ibilbidean zehar emozio hori guztia zabaltzeko. ETB1en, ETB ON plataforman eta kirolakeitb.eus atarian ikusi ahal izango da zuzenean ospakizunaren ibilbide guzti hori.
Giroa berotzen hasteko, "Biba Zuek!" berezia jarriko da abian 15:30ean. Konexio desberdinak egingo dituzte Donostiako hainbat gunerekin: besteak beste, Anoetan Realaren autobusa abiatuko da, eta han egongo da saioko lantaldea azken ordua jasotzen eta baita ere Alderdi Ederren, udaletxean egingo baitzaie omenaldia 17:30ean hasita jokalariei.
Kiroletako lantaldeak, ondoren, 17:30ean zuzeneko emanaldiari ekingo dio amaierara arte. Jon Balentziaga eta Ana Ramos izango dira saio bereziaren aurkezleak, Donostiako udaletxetik, Juanan Larrañagarekin batera. Eta Realeko jokalariak udaletxera iristean Asier Aranguren izango da bertan, protagonista eta bertaratutakoei elkarrizketak egiteko. Anoetan abiatuta eta ibilbidean zehar, Iñaki Mikeo, Iñigo Barrena eta Diego Álvarez de Arcaya kazetariak izango dira.
ETB2n ere saio berezia eskainiko da, Odei Esnaolarekin, "Euskadi Quédate"ren baitan, 17:45ean hasi eta "Teleberri" albistegia hasi arte. Zuzeneko konexioak egingo dituzte Anoetatik, Alderdi Ederretik eta Boulevardetik, besteak beste.
Euskadi Irratiak "Hiru Erregeen Mahaia" berezia eskainiko du 17:45-22:00 bitartean. Kepa Iribarrek zuzenduta, Anoetatik Alderdi Ederrerako festa oso osorik jasoko du. Jon Ander de la Hozek eta Txetxu Urbietak kontatuko dute eta Maitane Urbieta eta Iñaki Berastegi protagonistekin egongo dira.
Radio Euskadin, 17:30ean hasiko da irratsaio berezia Donostiatik, taldeari egingo zaion harreraren berri emateko, Diego Arambalzak eta Xabier García Ramsdenek aurkeztuta.
EITBren hedabide digital eta sareetan ere ospakizunaren berri emango dute eta, nola ez, EITBko albistegietan ere konexioak eta jarraipen zabala izango du hitzorduak.

