EITB TALDEA
Solasaldiak
"KULT_zinema" saio berria estreinatu du PRIMERAN plataformak
EITB
Amaia Artetxe Atela kazetariaren eskutik, euskal zinemaren lantalde artistikoak eta profesionalak izango dira protagonista. Lehen atalean, 'Maspalomas' filmeko Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi, Kandido Uranga eta Zorion Egileor.
-
Amaia Artetxe Atela
"KULT_zinema" euskal zinema, telesail eta ikus-entzunezko ekosistemari eskainitako saio berria da. Asteroko mahai-inguru formatuan, gaur egungo euskal ikus-entzunezkoen egoera, erronkak eta sorkuntza-prozesuak ardatz izango dira. Sektoreko profesionalek -zuzendariek, gidoilariek, ekoizleek, aktoreek- eta bestelako eragileek ere parte hartuko dute Amaia Artetxe Atela kazetariaren gidaritzapean.
Amaia Artetxek nortasun propioa emango dio solasaldiei. Bere esanetan, "KULT_zinema aurkezteak profesionalki ekarri didan erronka handia bada ere (bereziki sektoreari diodan errespetuagatik), handiagoa da eskaintzen didan aukera. Aukera, Euskal Herrian ditugun zinemagile eta sortzaileen ahotsa lehen pertsonan jaso eta interesa duen ikus-entzuleari bere horretan emateko, prozesatu gabe, protagonistek beraiek bizitako eta azaldutako prezio berean. Ez zait okurritzen alor bat sakonean ezagutzeko modu hobeagorik". Saioak euskal zinemagintzari, "espazio propio bat aitortuko dio telebista publikoan. Zinemaz, lasai, patxadaz, baita sakonean ere hitz egiteko espazio zabala".
Begira Produkzioak ekoiztetxeak ekoiztutako programa da, eta Ane Rotaetxe Torrontegi dugu zuzendaria. Naia Arantzamendi ibili da gidoilari, Larraitz Zuazo ekoizle exekutiboa lanetan eta errealizazioaren ardura Zirriborro lantaldearena da. Ane Rotaetxe zuzendariarentzat "zinema taldean egiten den artea izanik, artea egiten duten horien lana erakustea eta ikusleengana ailegatzea dugu helburu". Amaia Artetxe Atela aurkezle izatea "giltzarria" izan da. "Altxorra da Amaia gurekin izatea, bere jarduna ezinbestekoa baita saioaren gidaritzan. Gaia lehen eskutik menperatzen du eta esperientzia izugarria dauka solaskideekin aritzen, hortaz, erosotasuna transmititzen du eta egonkortasuna ematen du".
Estetika oso zaindua duten 50 minutuko zortzi atalek osatzen dute lehen denboraldia, eta ostegunero PRIMERAN plataforman eskainiko dira. Hasierako saioan Maspalomas pelikula arrakastatsuaren lantalde artistikoa izango da protagonista: Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariak eta Kandido Uranga eta Zorion Egileor aktoreak ditugu lehen gonbidatuak.
"EITBrentzat estrategikoa da euskarazko zinema eta fikzio seriatuaren alde lan egiten jarraitzea. Kasu honetan, euskal zinema sustatzen jarraitzeko proposamenarekin, geure sortzaileei hitza ematea garrantzitsua da. Balio erantsiko edukia eskaintzea geure helburu nagusia izan da", adierazi du Vanesa Fernandezek, EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak.
ElTBren parte-hartzea duten edo bere plataformetan dauden zein estreinatuko diren lanek lehentasuna izango dute "euskarazko ikus-entzunezko paisaia propioa indartzeko helburuarekin". Horrela, besteak beste, Maspalomas, Piztiak, Jone, batzuetan, Popel-Errautsak, Tamara ta Mara, Aro berria edota Itzalak argitzen ekoizpenetako profesionalak izango dira "KULT_zinema" saioan protagonista. Gainera, Euskadiko Filmategia eta Zinegoak nazioarteko jaialdiko ordezkariek ere parte hartuko dute.

