EITB TALDEA
FesTVal
ETBren denboraldi berria, "Euskal Herria Hegan" eta jardunaldi profesionala, EITBren proposamenak FesTValen
EITB Media
Irailaren 7tik 12ra bitartean izango da aurten Gasteizko telebista jaialdia.
Gaur goizean, FesTValek aurtengo jaialdiaren edizioa aurkezteko prentsaurrekoa egin du. Joseba Fiestras zuzendariarekin batera, Ramiro González Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria izan dira ekitaldian. Bertan, irailaren 7tik 12ra izango diren ekimen eta estreinaldien egitaraua aurkeztu da. EITBk presentzia nabarmena izango du, denboraldiko apustu nagusiak aurkeztuko baititu Arabako hiriburuan.
Hasteko, irailaren 8an Euskal Telebistaren denboraldi berriaren aurkezpena egingo da Europa Jauregian, Isabel Octavio ETBko zuzendaria gidari dela. Bertan, ETBko aurpegi ezagunek hartuko dute parte, eta ikasturte berrirako apustu eta berrikuntzak aurkeztuko dituzte.
Irailaren 9an izango da ikus-entzunezko sektoreko profesionalei zuzendutako EITBren jardunaldia, ProfesTVal topaketen barruan. Horrez gain, oraindik zehaztu gabeko egunean, amaitu berri den "Pension Incompleta" fikziozko proiektua aurkeztuko da, EITB, RTVG eta CCMA-3Caten elkarlana.
Ostirala, irailak 11, EITBren aurrestreinaldiaren eguna izango da. Euskal Herria airetik zeharkatzen duen "Euskal Herria Hegan. Una mirada desde el aire" dokumental sailaren Araba: naturaleza mágica atala aurkeztuko da. Felix Linares aurkezleak jarri dio ahotsa kontakizunari eta Fernando Velázquezek sorturiko soinu-banda du bidelagun, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak interpretatuta. Atal bakoitzean, gainera, euskal kantari ospetsuen emanaldiak izango dira ikusgai. Parte hartzaileen artean daude, besteak beste, Olatz Salvador, Tom Lizarazu, Huntza, Izaro, Janus Lester, Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Maren, Xabi Solano, Amak, Neomak, Kalakan, Anne Etchegoyen, Urtz, Sorotan Bele eta Celtas Cortos.
Amaitzeko, irailaren 12an egingo den sari banaketa galak itxiko du jaialdia. EITBko ordezkaritza zabalak hartuko du parte Europa Jauregiko ekitaldian.

