Itxi

EITB TALDEA

Fikzioa euskaraz

"Superra" umorezko telesailaren estreinaldi handia, ostegun honetan PRIMERAN plataforman eta igandean ETB1en

EITB

Anjel Alkain, Iker Galarza eta Aitziber Garmendia dira protagonistak, eta herri bateko negozio familiar txiki baten istorioak ekarriko dizkigu. Karmelo eta Luixito anaiak dira Super Manterola izeneko dendaren arduradunak, Bakartxo ilobarekin batera.

  • "Superra"

    "Superra"

Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia dira EITBk aste honetan estreinatuko duen "Superra" telesailaren hiru protagonista nagusiak. Ostegun honetan (urriak 29) iritsiko da PRIMERAN plataformara; eta igandean, berriz, ETB1era (21:45).

Alkain, Galarza eta Garmendiarekin batera beste hainbat aurpegi ezagun ikusiko ditugu fikzio berri honetan: Sara Cozar, Iñake Irastorza, Zuhaitz Gurrutxaga, Ekain Ibarguren, Ainere Tolosa, Telmo Irureta, Ugaitz Alegria, Libe Aranburu, Erika Olaizola, Mikel Ibarguren edota Onintza Enbeita bertsolaria eta Oinatz Bengoetxea pilotari ohia. Anjel Alkainek eta Jon Garatek zuzendu dute ekoizpena.

Herri euskaldun bateko negozio familiar txiki baten istorioak ekarriko dizkigu "Superra" telesailak. Karmelo (Anjel Alkain) eta Luixito (Iker Galartza) anaiak dira Super Manterola izeneko dendaren arduradunak, Bakartxo (Aitziber Garmendia) ilobarekin batera.

Karmelo eta Luixito beteranoak dira, profesionalak eta lanerako gogotsu daudenak. Baina alboan supermerkatu-kate handi bat zabaldu dute, eta horrek hainbat buruhauste eta liskar sortuko dizkie. Dena den, sinetsita daude herriko negozio txikiak hobeak direla, eta Euskal Herriko supermerkaturik onena izateko gogoz lan egiten dute bertako langileek: dream-team ederra osatzen dute. Protagonistek izango duten gehiegizko motibazioarekin eta gertatuko zaizkien egoerekin, momentu surrealistak eta komikoak biziko dituzte.

PRIMERANen estreinatu aurretik, aurrestreinaldi handia izango da gaur arratsaldean, urriak 28, Azpeitiko Soreasu antzokian, protagonistak, gainerako lantaldea eta gonbidatu berezien aurrean. Azpeitian grabatu da, hain zuzen ere, telesaila eta herritarrek eta bertara hurbiltzen direnek primizian ikusteko aukera izango dute. Ekoizpenak zortzi atala ditu eta hiru proiektatuko dira. 18:45ean hasiko da alfonbra gorria eta 19:30ean emanaldia. Ekitaldira joateko gonbidapenak agortuta daude.