EITB TALDEA
Albiste zerbitzuak
EITBko albistegiek arreta berezia eskainiko diete AEBetako agintaldi erdiko hauteskundeei
EITB
ETBko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiek jarraipen berezia egingo dute Washingtonetik; Radio Euskadiko "Boulevard" eta Euskadi Irratiko "Faktoria" ere bertatik eskainiko dira.
-
Hauteskundeak, Estatu Batuetan
EITBko albistegiek astearte honetan, azaroak 3, Ameriketako Estatu Batuetan egingo diren agintaldi erdiko hauteskundeak izango dituzte hizpide egunotan. Hauteskundeen testuingurua eta gako nagusiak azaltzeko erreportaje sorta eskainiko dute EITBko hedabideek, eta, aldi berean, jarraipen berezia egingo diote bozketaren garapenari eta emaitzei.
ETBn, astearteko eta asteazkeneko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan, Mikel Reparaz nazioarteko arduradunak gidatutako jarraipen berezia egingo da Washingtonetik. Yerai Diezek eta Amaia Uribek alderdi errepublikarraren eta demokrataren azken orduko informazioa emango dute, hurrenez hurren.
Irratietan ere arreta berezia izango dute hauteskundeek. Iñaki Guridik zuzentzen duen Euskadi Irratiko "Faktoria" saioa Washingtonetik egingo da asteazkenean, eta bertan izango dira Lander Izagirre eta Oihane Yustos kazetariak. Era berean, Radio Euskadiko "Boulevard" saio berezia ere AEBetako hiriburutik emitituko da hauteskundeen egunean eta biharamunean. Eider Hurtadorekin batera, Jon Fernández Mur eta Óscar Pérez arituko dira tokian tokiko informazioa eskaintzen eta hauteskundeen inguruko analisia osatzen.
Bi alderdi nagusien kanpainaren eta emaitzen jarraipenaz harago, EITBko hedabideek hauteskunde hauen atzean dauden eztabaida nagusiak ere aztertuko dituzte. Besteak beste, immigrazio politikak, ICE erakundearen operazioak, adimen artifizialaren garapenari lotutako datu-zentro berrien aurkako mugimendu sozialak, etxebizitzaren eta energiaren garestitzea, muga-zergen eragina eta ekonomiaren bilakaera izango dituzte hizpide. Halaber, Donald Trumpen agintaldian erakunde demokratikoek eta sistema politikoak izan dituzten erronkak eta eztabaidak ere aztertuko dituzte.

