EITB TALDEA
Euskarazko fikzioa
Superra" telesailak harrera ikusgarria izan du PRIMERANen
EITB
15.000 erabiltzailek baino gehiagok ikusi dute lehen egun hauetan, 100.000 erreprodukzio baino gehiagorekin. "Superra" zuzenean sartu da plataformako eduki ikusienen lehen postura, eta egunez egun erabiltzaileak batzen jarraitzen du. Hurrengo bi atalak ostegun honetan estreinatuko dira.
-
"Superra"
Estreinaldi arrakastatsua izan du "Superra" telesailak EITBren PRIMERAN plataforman, irismen, engagement eta audientziarekin konektatzeko gaitasun handiarekin. Lehen sei egun hauetan 15.343 erabiltzaile bildu ditu plataforman, eta horiei guztiei igandean telebistan lortutako datuak gehitu behar zaizkio. Izan ere, 31.000 ikus-entzulek egin zuten bat ETB1ekin lehen atala ikusteko. Gainera, PRIMERAN plataformako eduki ikusienen lehen postura sartu da zuzenean, 103.000 erreprodukziorekin. Batez beste, erabiltzaile bakoitzak ordubete baino gehiago eman du telesaila ikusten eta asko dira "Superra" ikustera sartu eta bertan ikusgai dauden lau atalak ikusi dituztenak. Guztira, ia 16.000 kontsumo ordu bildu ditu lanak egun gutxian. Euskarazko fikzioak, gainera, gaitasun handia erakutsi du audientzia berriak erakartzeko.
Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia dira hiru protagonista nagusiak, herri euskaldun bateko negozio familiar txiki batean: Super Manterola. Alboan supermerkatu-kate handi bat zabaldu dute, eta horrek hainbat buruhauste eta liskar sortuko dizkie; gainera, protagonistek izango duten gehiegizko motibazioarekin eta gertatuko zaizkien egoerekin momentu surrealistak eta komikoak biziko dituzte. Alkain, Galarza eta Garmendiarekin batera beste hainbat aurpegi ezagun ditugu bertan: Sara Cozar, Iñake Irastorza, Zuhaitz Gurrutxaga, Ekain Ibarguren, Ainere Tolosa, Telmo Irureta, Ugaitz Alegria, Libe Aranburu, Erika Olaizola, Mikel Ibarguren edota Onintza Enbeita bertsolaria eta Oinatz Bengoetxea pilotari ohia. Anjel Alkainek eta Jon Garatek zuzendu dute ekoizpena.
Lehen lau atalak PRIMERAN plataforman ikusgai ditugu eta ostegun honetan, azaroak 5, estreinatuko dira hurrengo biak.

