Itxi

EITB TALDEA

Euskarazko fikzioa

Gaur estreinatuko da PRIMERANen "Aloka(h)iru" komedia

EITB

EITBren 'Formatu txikiak, Talentu berriak' deialdiaren barruan sortutako fikzioaren protagonistak Lorea Intxausti, Izaro Nieto eta Nerea Sanz dira. Umore absurdoa erabiliz, gaur egungo gazteen arazo nagusietako bati heltzen dio: etxebizitza eskuratzeko zailtasunari.

  • "Aloka(h)iru"

    "Aloka(h)iru" fikzioaren irudia

Nitya Lopezek eta Alba Lozanok sortu eta zuzenduriko "Aloka(h)iru" telesaila estreinatuko da ostiral honetan (azaroak 13) PRIMERAN plataforman, 22:00etan. EITBren fikzio apustu berria da, Formatu txikiak, Talentu berriak deialdiaren testuinguruan sorturikoa, eta Igor Garcia Piñasek (Platanobolígrafo) eta Iñigo Portillok (La córnea digital) ekoitzi dute. Lau ataleko komedia honetan (bakoitza 24 minutukoa), umore absurdoa erabiliz, gaur egungo gazteen arazo nagusietako bati heltzen zaio: etxebizitza eskuratzeko zailtasunari. Lorea Intxausti, Izaro Nieto eta Nerea Sanz dira protagonista nagusiak.

PRIMERANera iritsi aurretik, EITBk Bartzelonako Serielizados jaialdi entzutetsuan aurkeztu du "Aloka(h)iru". Han jasotako harrera beroak utzitako aho zapore goxoarekin egingo da ostiral honetan Bilboko Azkuna Zentroko aurrestreinaldi ekitaldia, 19:00etan. Bertan, telesaila osorik proiektatuko da. Aurrez, 18:15ean hasita, alfonbra gorritik pasako dira telesaileko lantaldea eta EITBko ordezkariak.

Garazi, Nerea eta Maider Bilboko Alde Zaharrean pisua partekatzen duten hiru lagun dira, eta hilabete dute etxetik alde egiteko: lehengo etxejabearen semeak etxebizitza oinordetzan jaso du, eta pisu turistiko bihurtu nahi du. Alokairu eskuragarririk aurkitu ezinik, etxean hiru negozio klandestino abiaraztea erabakitzen dute: asmatutako bisita turistikoak, hondamendi hutsa den ihes-gela bat eta Tinder bidez ezagututako bikoteei alokatutako logela bat. Gezurren, ustekabeko bezeroen eta egoera zentzugabeen artean, beren etxea salbatzea abentura bihurtuko da.

Eszenaratze dinamikoaren, elkarrizketa zorrotzen eta gero eta egoera absurdoagoei aurre egin behar dieten pertsonaien bidez, telesailak protagonisten gatazketatik sortzen den komediaren aldeko apustua egiten du. Hala, pisu partekatua beste pertsonaia bat bihurtzen da: elkarbizitzarako, erresistentziarako eta babes emozionalerako gunea, etorkizun ziur gabe baten aurrean.   

FITXA TEKNIKOA

Zuzendaritza: Nitya Lopez eta Alba Lozano
Antzezleak: Lorea Intxausti, Izaro Nieto, Nerea Sanz, Arnatz Puertas, Alvar Gordejuela, Dorleta Urretabizkaia, Kepa Errasti, Leire Lopez, Asier Hernandez eta Koldo Almandoz
Gidoilaria: Nitya Lopez eta Alba Lozano
Produkzio burua: Diana Castro Sánchez
Muntaia: Lander Castro
Soinu banda: David Sanchez eta Nerea Alberdi
Generoa: Komedia
Ekoiztetxea: Platanobolígrafo eta La Córnea Digital / EITB Media
Ekoizpen-urtea: 2026

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea