Itxi

EITB TALDEA

Aliantza EITB-Tabakalera

Oier Bravoren "Lehendabiziko ordua", 2026ko Audiogile Berriak ekimenaren lan saritua, GUAUn entzungai

EITB Media

Euskarazko audio fikzioa bultzatzea helburu duen Audiogile Berrien laugarren deialdia martxan da. Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak eta Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak deialdiaren nondik norakoak azaldu dituzte.

  • Aurkezpeneko irudia

    Aurkezpeneko irudia

Tabakaleraren eta EITBren eskutik, euskarazko soinu-fikzioa sustatzea helburu duen Audiogile Berriak egitasmoaren hirugarren edizioaren irabazlea, Oier Bravoren "Lehendabiziko ordua", maiatzean eman zen ezagutzera eta gaurtik (azaroak 19) aurrera, audio-fikzio bilakatuta, entzungai dago EITBren GUAU audio plataforman. 

"Lehendabiziko ordua" euskarazko soinu-fikzioan, gerra lehertzear da eta Ane aitona erreskatatzera abiatuko da, kaosaren, biziraupenaren eta traizioaren artean. Lau ataleko fikzioa da eta LERA Estudioan ekoitzi da, Haritz Leteren zuzendaritzapean eta Sara Cozar aktore zuzendari dela. Biak ala biak aritu dira aktore lanetan, Nerea Sanz, Ramon Agirre, Ainhoa Etxebarria, Ainhoa Artetxe,  Karmele Larrinaga, Asier Hernandez, Dorleta Urretabizkaia, Egoitz Sanchez eta Nahikari Beltzarekin batera. Haritz Letek egin du, halaber, soinu diseinua eta nahasketa, Elena Setienek sortu du musika eta Alain Martinez Iribarrenek irudia.  

Oier Bravok sorturiko fikzioaren irudia

Oier Bravok sorturiko fikzioaren irudia

Audio-fikzioa aurkezteaz gainera, Audiogile Berrien laugarren edizioa iragarri dute Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak eta Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak, ostegun honetan Donostiako Tabakaleran egin den aurkezpenean.  

Maite Goñiren esanetan, Audiogile Berriak egitasmoak erakutsi du baduela zentzua eta, batez ere, baduela etorkizuna. "EITBrentzat, Audiogile Berriak ez da gidoi on bat aukeratzeko lehiaketa hutsa. Guretzat, euskarazko sorkuntza sustatzeko, talentu berriak ezagutzeko eta gure herriko audioaren sektorea indartzeko aukera bat da", erantsi du.  

Lanak aurkezteko epea zabalik dago (abenduaren 30eko 12:00ak arte) eta, aurrekoen ildotik, fikziozko hiru audio-gidoi proiektu onenak (bideragarritasun eta kalitate aldetik) garatuko dira, gidoi bilakatu arte. Horietako lan bat ekoitzi eta zabalduko du EITBk eta 2027ko maiatzaren amaieran emango du epaimahaiak erabaki horren berri.

Oinarrietan aldaketa garrantzitsu bat sartu da aurten, Maite Goñik adierazi duenez: "Aurkeztu beharreko gidoien iraupena 90 minututik 40ra murriztu dugu. Esate baterako, hamar minutuko lau ataleko fikzio bat garatzeko aukera ematen du horrek. Zergatik? Jende gehiago animatzea nahi dugu eta, batez ere, lehen urratsak egiten ari diren gidoilariei bidea erraztu".  

Audiogile Berriak ekimenaren deialdia

Audiogile Berriak ekimenaren 2027ko deialdia

Hiru finalistek 2.000 euroko dirulaguntza jaso eta prestakuntzako eta gidoia garatzeko egonaldi bana egiteko aukera izango dute Tabakalerako Zine eta Ikus-entzunezko laborategian. Laborategi honen izaera azpimarratu du, hain zuzen ere, Edurne Ormazabalek: "2019an sortu zenetik, tokiko sortzaileen talentua eta sormen-ingurune berriak sustatzeko helburua izan du. Audiogile berriak bezalako proiektu arrakastatsuen bidez, egonaldiak, aholkularitza eta baliabideak eskaintzen dizkie urtero ikus-entzunezko sortzaileei". 

Bertan goi mailako profesionalekin arituko dira lanean; aurreko edizioetan, besteak beste, Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Jose Antonio Pérez Ledo, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria izan dira tutoreak.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB