Itxi

EITB TALDEA

Maiatzetik aurrera

Sareak eta kableak ordezkatuko dute Europan satelite bidezko ETB-Sat

Erredakzioa

Maiatzaren batean ezarri da neurria.

  • EiTBren Bilboko egoitza.

    EiTBren Bilboko egoitza.

Albisteak (1)

Maiatzaren 1etik, EiTBk Astra Satelitearen bidez Europan zabaltzen zuen ETB Sat-en seinalea  Internet sareak (eitb.com eta EITB Nahieran) eta kable bidezko telebistak (ONO, R Galizian eta SFR, Bouygues, Virgin France eta Thema Frantzian plataformetan, esate baterako) ordezkatu dute.

Nazioarteko katea teknologia errazago, modernoago eta merkeago baten bidez helaraztea da helburua.  ETB Sat-ek programazio elebiduna du eta Euskal Telebistako saiorik nabarmenak zabaltzen ditu, albistegiak eta kirol emanaldiak ere bertan direla.

Neurri honen bidez, ETB Sat-ek Europako kontsumoa dibertsifikatuko du Europan. Komunikazio teknologia berrien garapenari esker, ETB Sat-en seinalea streaming bidez hartu ahal izango da edozein gailu multimediatan: tabletan, sakelako telefonoan, zein ordenagailuan. Hementxe esteka: www.eitb.com/es/television/etb-sat/

Horrez gainera,  EITB Nahieran atarian,  erabiltzaileak nahi dituen edukiak, noiznahi eta nonahi eskura ditzake; ez du ordutegi zehatzik jarraitu behar.

2012ko otsailean jarri zen abian EiTB nahieran eta orain arteko bidea eta sareko erabiltzaileek emandako  erantzuna  arrakastatsua izan da. Azken hilabetean, esate baterako 463.509 orrialde ikusi izan dira, eta 78.900 erabiltzaile bakar izan ditu.

Dena den,  ETB Sat-en eskaintza ez da sarean izango bakarrik, eta ondorengo plataformek ere kable bidez zabaltzen dute: ONO, R Galizian eta SFR, Bouygues, Virgin France eta Thema Frantzian. EITB, gainera,  beste kable bidezko plataforma batzuekin hartu emanetan dago bertan ere egon dadin.

EiTB Taldeko kateen zabalpenean ez da beste aldaketarik izango. ETBK Sat batez ere kirola ematen duen telebista kateak,  bere horretan jarraituko du.  Hala eta guztiz ere, Euskal  Telebistak  hornitzaileei, seinalearen zabaltzaileei eta erabiltzaileei  satelite bidezko emanaldien ordezkapenak  izango duen eraginaren  berri emango die. Zalantzak argitzeko, gainera, etbsat@eitb.com helbidera bidali daitezke galdera guztiak.  Azkenik, ETB Sat-en zabalpenaren inguruko datu berriak eitb.com-en egongo dira.

Nazioartean hedapena

ETB Sat-en emanaldiak 2001ko martxoan hasi ziren.  Astra satelitearen bidez zabaltzen zuen seinalea Europa osoan eta baita Estatuan ere. Euskaditik kanpo bizi diren euskaldunen eskaria asetzeko sortu zen EITBren telebista leihoa.

Denetariko programazioa du ETB Sat-ek: ETB-1 eta ETB-2ko albistegiak;  kirol emanaldiak, pilota eta Bigarren B mailako futbola, adibidez,  eta ETBko saiorik garrantzitsuenak.