Itxi

EITB TALDEA

BEKAK

EiTBk unibertsitateko ikasleentzako bekak eskaintzen ditu

2019/20 ikasturtean, prestakuntza praktikoa EiTBn, ETBn, Eusko Irratian eta eitb.eus-en egiteko aukera eskaintzen die EiTBk unibertsitateko ikasleei.

  • EiTB bekak

    EiTB bekak

Euskal Irrati Telebistak Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin sinatu dituen hitzarmenen ondorioz, 2019/2020 ikasturtean prestakuntza praktikoa EiTBn, Euskal Telebistan, Eusko Irratian eta eitb.eus-en egiteko aukera ematen die EiTBk unibertsitate horietako ikasleei. Gainera, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleei formakuntza duala ere eskainiko zaie, hau da, praktikak heziketa-zentroan eta enpresan txandakatzen dituena.

Prestakuntza praktiko horien helburua ikasleak lan mundura hurbiltzea da. Horretarako, enpresan egiten den eguneroko lana ezagutu ahalko dute bekadunek, eta, horrez gainera, aukeratutako lanbidean aritzeko beharrezko ezagutzak, trebetasunak eta abileziak irakatsiko dizkiete, baita gaitasun osagarriak (lantaldean aritzea, ardura...) ere. Izan ere, gaur egungo produkzio-sektorean lan egiteko ezinbestekoa da arlo horietan ere trebatzea.

Lankidetza bekak 4 eta 6 hilabete artekoak izango dira, eta bekadunek 300 euro jasoko dituzte hilero. Formakuntza duala, ordea, urtebetekoa izango da, eta lanaldi erdikoa eta bekadunek hilero Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren parte proportzionala jasoko dute. Gaur egun, 900 eurokoa da.

Lankidetza beken kasuan, beka hauek izango dira aukeran, arlo hauetan:

- EiTBn: Estrategian, Publizitate Sailean, beka bat.

- Euskal Telebistan: Albistegietako erredakzioan (sei beka) zein Kiroletakoan (bi beka), Errealizazioan (hiru beka), Grafismoan (beka bat) edo Artxiboan (beka bat).

- Eusko Irratian: Euskadi Irratia (sei beka), Euskadi Gaztea (hiru beka), Radio Euskadi (sei beka) zein Radio Vitoria (hiru beka) irratietako erredakzioetan.

- Eitb.eus-en: Albistegietako zein Kiroletako erredakzioan edo Entretenimendukoan (bi beka guztira).

Formakuntza dualekoen kasuan, berriz, hauek izango dira:

- Euskal Telebistan: Albistegietako erredakzioan (beka bat) zein Kiroletakoan (beka bat) eta Errealizazioan (bi beka).

- Eusko Irratian: Euskadi Irratia (beka bat), Euskadi Gaztea (beka bat), Radio Euskadi (beka bat) zein Radio Vitoria (beka bat) irratietako erredakzioetan.

- Eitb.eus-en: Albistegietako zein Kiroletako erredakzioan edo Entretenimendukoan (bi beka guztira).

Prestakuntza praktiko horiek jaso nahi dituzten ikasleek bete beharreko baldintzak honako hauek dira:

- Elebidunak izan behar dute (euskara-gaztelania).

- 2019/2020 ikasturtean 4. mailan matrikulatuta egon behar dute (EHUko ikasleen kasuan soilik; HUHEZIkoak eta Deustukoak 3. mailakoak ere izan daitezke), ikasketa hauetakoren batean:

o EHUko Kazetaritza edo Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua.

o Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Gradua (gradu honetako ikasleek beka guztietan eman dezakete izena, ETBko Errealizazioan eta Grafismoan izan ezik).

o Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio Gradua (HUHEZI).

o EHUko Publizitate Gradua (gradu honetako ikasleek EiTBn —Estrategian, Publizitate Sailean— eta eitb.eus-en eman dezakete izena).

o EHUko Arte Ederretako Gradua (gradu honetako ikasleek ETBko Errealizazioan edo Grafismoan baino ezin dute izena eman).

Izena eman nahi duten ikasleek orri hau bete beharko dute. Euren lehentasunak kontuan izanda, 1 edo 2 zenbakiaz markatu beharko dituzte bi lauki, eta, ondoren, orri hori hautaketa@eitb.eus helbidera bidali beharko dute. Gaia atalean, "EiTB bekak" jarri behar da. Halaber, dagokion fakultateko idazkaritza edo dekanotzara jo dezakete. Epea 2019ko maiatzaren 31n amaituko da.

Hona hemen hilabete honetan zehar gauzatuko diren ekitaldien egutegia:

- Beketan izena emateko epea: 2019ko maiatzaren 13tik 31ra.

- Ate irekietara joateko izena emateko epea: 2019ko maiatzaren 13tik 20ra.

- UPV/EHUn bekei buruzko hitzaldia: 2019ko maiatzaren 14an, 10:00etan.

- Mondragon Unibertsitatean (HUHEZI) bekei buruzko hitzaldia: 2019ko maiatzaren 15ean, 14:00etan.

- Deustuko Unibertsitatean bekei buruzko hitzaldia: 2019ko maiatzaren 16an, 13:00etan.

- Ate irekien saioa: 2019ko maiatzaren 23an.

Beka hauen inguruko informazio guztia (hautaketa prozesuak, datak...) webgunean argitaratuko ditugu.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea