Itxi

EITB TALDEA

Hitzarmena

EiTBk eta Eusko Jaurlaritzak 'Zeuk esan' zerbitzua indartzeko hitzarmena sinatu dute

EiTB

Maite Iturbek eta Beatriz Artolazabalek lankidetza-hitzarmena sinatu dute haurtzarorako eta nerabezarorako eskubideak eta laguntza 'Zeuk esan' zerbitzuaren bidez sustatzeko.

  • Isidro Elezgarai, Beatriz Artolazabal, Maite Iturbe eta Kepa Torrealdea.

    Isidro Elezgarai, Beatriz Artolazabal, Maite Iturbe eta Kepa Torrealdea. Irudia: Eusko Jaurlaritza

Maria Redondo eta Nikola Zalduegi 'Go!azen' telesaileko aktore gazteak haurtzarorako eta nerabezarorako 'Zeuk esan' laguntza-zerbitzua (116 111 telefonoa) sustatuko duen iragarkiaren protagonista izango dira, Beatriz Artolazabalek eta Maite Iturbek gaur aurkeztu duten hitzarmen batean oinarrituta.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta EiTBko zuzendari nagusiak lankidetza-akordioa sinatu dute 'Zeuk esan' zerbitzua sustatzeko, Haurtzaroaren Eskubideen Nazioarteko Egunaren ekitaldien barruan, Unicefen eskutik. Nazioarteko egun hori azaroaren 20an izango da, eta, horren harira, ekitaldia antolatuko da Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen Lehendakaritzaren egoitzan. Isidro Elezgarai Unicef Euskadiko presidenteak parte hartuko du bertan.

Beatriz Artolazabalek honako hau esan du: "Umeak eta nerabeak entzun nahi ditugu, eta beren zalantzak eta arazoak hurbiletik ezagutu; horretarako, beren eskubideen partaide egin nahi ditugu. Haurtzaroari entzun dakion nazioarteko gomendioei jarraikiz, duela urte batzuk Eusko Jaurlaritzak haurtzarorako eta nerabezarorako 'Zeuk esan' laguntza-zerbitzua (116 111 telefonoa) jarri zuen martxan, eta, orain, ETBk zabalduko du zerbitzua".

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau nabarmendu du: "'Zeuk esan' haurtzaroari eta nerabezaroari laguntza emateko telefono bidezko zerbitzua da; haren bidez, gure adin txikikoengan eragina duten arazoak antzemaen daitezke. Sare sozialen bidezko eraso-egoerak, sareko joko toxikoak edo Internet bidezko jokorako adikzio-arriskuak dira azken aldian antzeman diren arazoetako batzuk; izan ere, beraiek, euren familiek edo inguruko lagunek jakinarazi eta kontsultatu egiten dituzte, eta aholku espezializatua jasotzen dute zuhurki".

"EiTBrekiko elkarlanari eta, bereziki, 'Go!azen' telesailarekiko elkarlanari esker lortuko dugu haurtzarorako eta nerabezarorako 116 111 zenbaki hori gehiago eta hobeto ezagutzera ematea", esan du Artolazabalek. Bestalde, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak hitzarmenaren balioa nabarmendu du; "izan ere, zerbitzu publiko gisa eta gure gizarte-erantzukizun korporatiboaren esparruan, EiTBren beharra da gazteenen eskubideak zabaltzeko eta errespetatzeko lan egitea", esan du.

Iturbek honakoa gaineratu du: "EiTBk 'Zeuk esan' proiektua bultzatzen du, eta modu onena, kasu honetan, 'Go!azen' telesaileko aktoreen hurbiltasuna baliatzea da; izan ere, telefonoaren xede diren gazte eta nerabeen zalantza eta arazo berak partekatzen dituzte". Zabalkundeak dei- eta harreman-kopuru gehiago ekarriko ditu sareen bidez. "Hala dela egiaztatu dugu. 116 111 telefonoa zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta dei gehiago jasotzen dira. Ziur gaude gure zerbitzua gehiago hedatzeak aukera ekarriko duela komunikazio-tresna seguru horren bidez ume eta nerabeak ahalduntzeko", esan du Artolazabalek.

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista
  • EITB