Itxi

EITB TALDEA

Martxoak 8

Emakumearen Nazioarteko Egunari jarraipen berezia, EiTBn

EiTB

Telebista, irrati eta eitb.eus-en berdintasunaren aldeko borrokari buruzko eduki bereziak landuko dituzte martxoak 8an eta aurreko egunetan ere.

  • Martxoaren 8ko manifestazioa Bilbon

    Martxoaren 8ko manifestazioa Bilbon. Argazkia: Efe

EiTBk arreta berezia eskainiko dio martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunari, baina aurreko egunetan ere euskal komunikazio taldeko hedabideek berdintasunaren aldeko borrokari buruzko eduki bereziak landuko dituzte.

ETB1eko eta ETB2ko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiek arreta berezia eskainiko diete martxoaren 8ko deialdiei eta aldarrikapenei, eta emakumeek gaur egun bizi duten errealitatearen hainbat alderdi aztertuko dituzten bideoak eskainiko dituzte, martxoaren 8an bertan zein aurreko egunetan.

Aktualitatezko gainerako saioek, "Egun On Euskadi", "Ahoz Aho", "En Jake" eta "Qué Me Estás Contando"k, halaber, M8arekin zerikusia duten hainbat alderdi nabarmenduko dituzte ikuspegi sozial eta politikotik.

Gainera, bertsolaritzari buruzko "Hitzetik Hortzera" saioa (igandero, ETB1en eta eitb.eus-en) historian zehar bertsolaritzan nabarmendu diren emakumeei buruzko atal sorta eskaintzen ari da.

Bestalde, "Gure Kasa" magazinak datorren aste osoan zehar, martxoaren 2tik 5era, sei emakume izango ditu gonbidatu platoan: astelehenean Aizpea Goenaga aktorea, asteartean Anne Etchegoyen abeslaria, asteazkenean Garbiñe Biurrun epailea eta ostegunean EiTBko bi kirol kazetari: Arritxu Iribar (Euskadi Irratia) eta Ana Ramos (ETB).

"Ur Handitan" eta "360º" saioetako erreportajeak

Igandean, martxoaren 1ean, Eider Hurtadok ETB2n zuzendu eta aurkezten duen "360º" saioak Mujeres perseguidas erreportajea eskainiko du, indarkeriatik ihesi dabiltzan emakumeen testigantzak bildu eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan atzerapausoak emateko arriskuei buruz hausnartzeko.

Hurrengo igandean, hilak 8, berriz, Las 11 de Bilbao dokumentala eskainiko du. Basauriko Kalero auzoko etxekoandre xume batzuen istorioa kontatzen da bertan, 1985eko Abortuaren Legearen onarpena bultzatu zuten emakumeen historia.

Arratsalde horretan, Petra Biondina Volpek 2017an zuzendutako El orden divino film saritua izango da ikusgai ETB2n. Filmak 1971n Suitzan emakumeen sufragioa lortzeko borroka egin zuen emakume bat du ardatz. Eta ondoren, Cathy Bates eta Jessica Tandy protagonista dituen Tomates verdes fritos filma eskainiko da.

Egun horretan, eguerdian, kirol hitzordu garrantzitsua izango da ETB1en eta eitb.eus-en: Emakume Master Cup Txapelketako eskuz binakako finalak eskainiko dira zuzenean Beasaindik.

ETB1eko "Ur Handitan" erreportaje saioak Arantxa Urretabizkaia idazleari eskainiko dio tartea asteartean, martxoak 3, Korrontearen kontra (Kontra korrontea) izenburupeko erreportajean. 72 urteko emakume honen historia ekintzailetza eta euskal kulturari lotuta dago. Emakumeak Alardean parte hartzearen alde sutsu egin du borroka Urretabizkaiak, Euskara Batuaren sorreraren lekuko zuzena izan da, eta feminismoaren bilakaera oso gertutik jarraitu du.

Martxoaren 8a EiTBko irratietan

Martxoaren 8an eta aurreko egunetan, Radio Euskadik, Euskadi Irratiak, Radio Vitoriak eta Gazteak jarraipen berezia egingo diete Emakumearen Nazioarteko Egunarekin zerikusia duten gaiei.

eitb.eus-en ere Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko edukiak izango dituzte. Egunean zehar, berdintasunari buruzko erreportaje eta elkarrizketekin batera, M8ko ekitaldiei ere emango zaie jarraipena.