Itxi

EITB TALDEA

ZERBITZU PUBLIKOA

Koronabirusari buruzko albiste faltsuak ezeztatzeko zerbitzua jarri du abian EiTBk

EiTB

Edozein herritarrek izango du koronabirusi buruzko argazki, bideo edo albiste susmagarrien inguruan abisua emateko aukera koronabuloak@eitb.eus helbidean zein 600900454 WhatsApp zenbakian.

1:25
EiTB-Koronabuloak zerbitzua martxan da

Koronabirusari buruz azkenaldian sortzen eta zabaltzen ari diren zalantzazko informazioei aurre egiteko asmoz, herritarron parte-hartzea behar duen zerbitzu bat jarri du martxan Euskal Irrati Telebistak.

koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikoan eta 600900454 WhatsApp zenbakian koronabirusari buruzko argazki, bideo edo albiste susmagarrien inguruan abisua emateko aukera izango dute herritarrek.

Bertan jasotako abisuekin, eta gaiak egiaztatu ostean, fake news edota albiste faltsu horiek ezeztatuko ditu egiaztatze talde batek, eta gai zehatz horren inguruan webgunean, irratietan zein telebistan sortzen diren egiazko albisteak eitb.eus/koronabuloak webgunean argitaratuko ditu.

Ez helbide elektronikoak ez WhatsApp zenbakiak ez dute inolako erantzunik emango. Datuak baieztatzeko erabilgarriak izan daitezkeen xehetasunak behar izanez gero bakarrik jarriko da EiTB bidaltzailearekin harremanetan.

eitb.eus atarian argitaratzeaz gain, EiTB Taldeak Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialetan dituen profiletan ere emango du horien berri.

EiTBk urrats hau ematea erabaki du euskal gizarteari ematen dion zerbitzu publiko gisa, besteak beste, herritarrek jasotzen duten informazioa fidagarria, egiaztatua eta kalitatezkoa dela bermatzeko. Are gehiago, azken egunotan, nahita edo nahi gabe, informazio faltsuak sare sozialak eta senideen eta lagunen WhatsApp taldeak betetzen ari direnean.

Horrela, nahi duen oro Euskal Irrati Telebista Taldearekin harremanetan jar daiteke koronabirusari buruzko edozein albiste susmagarriren berri emateko.

Bestetik, EiTBk albiste faltsuak identifikatzeko dekalogoa aireratu zuen albiste faltsuen kontra egin zuen “inFormazioa” kanpainaren baitan. Hemen dago ikusgai.