Publizitatea
Itxi

2021/06/08

09:53

EITB TALDEA

Lankidetza hitzarmena

EITB, ikastolen jaien bidelagun aurten ere

EITB Media

Lankidetza hitzarmena berritu dute Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Hurrengo hitzordua Araba Euskaraz da, eta bertan egongo da EITB.

0:44
Andoni Aldekoa eta Koldo Tellitu. Argazkia: EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EITBk eta Ikastolen Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, astearte honetan, ekainaren 8an, Bilboko EITBren egoitzan izan den ekitaldian. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak izenpetu dute akordioa. Bi aldeak pozik agertu dira lankidetzarekin, eta inoiz baino beharrezkoagoa jo dute bizi dugun garaiotan euskararekin eta euskarazko hezkuntzarekin zerikusia duten ekimenak bultzatu eta ikusgarri egitea. Hala, EITBk ikastolen jaiei babesa adierazi nahi izan die beste behin.

Iaz pandemiarengatik etena izan zuten Ikastolen Elkarteko jaiek; baina aurten, jada, Herri Urrats eta Ibilaldia ospatu dira, edukiera mugatuarekin izan bada ere. Bi jaion berri eman du EITBk, eta 3 kluba Sopelako Ibilaldian izan zen, ikuskizun eta jardun bereziekin. Halaber, ekainaren 20an izango den Araba Euskarazen ere EITBk bere gunea izango du, eta jaiaren inguruan berri emango dute Komunikazio Taldeko kanalek. Horrez gain, EITBk ez du hutsik egingo urriaren 3an Lazkao, Ordizia eta Beasaingo ikastolek antolatuko duten Kilometroak ekimenera; ezta urriaren 17an Lizarran izango den Nafarroa Oinezera ere.

Bestalde, eta hitzartutakoaren arabera, EITBk Ikastola aldizkarian presentzia izaten jarraituko du aurrerantzean ere, bai paperezko eta bai euskarri digitalean ere, bere edukien berri emateko.

Urtero bezala, EITB ikastolen ospakizunetako babesle nagusi izango da.

Andoni Aldekoa eta Koldo Tellitu EITBko egoitzan.

Andoni Aldekoa eta Koldo Tellitu EITBko egoitzan.

3 kluba Araba Euskaraz jaian izango da, 'Go!azen kontzertua'rekin

Laudion ekainaren 20an ospatuko den Araba Euskaraz jaian EITBren 3 klubak txoko berezia izango du, ohi denez. 'Go!azen kontzertua' izango da han ikusgai, formatu txikian; horrez gain, 3 klubeko kide egiteko aukera ere egongo da goiz osoan zehar.

Pandemiak eraginda, baina, ezaugarri zehatz batzuekin egingo dute aurtengo Araba Euskaraz. Izan ere, jaietako ekitaldiek edukiera mugatua izango dute. Bi gune nagusi izango dira, eta horietako batean egongo da EITBren txokoa. Bertan egoteko aldez aurretik izena eman beharko da, arabaeuskaraz.eus webgunean.

3 klubaren gunean bi emanaldi eskainiko dituzten 'Go!azen' telesaileko zenbait aktorek, formatu txikian. Lehen pasea 11:00etan izango da eta bigarrena, berriz, 13:00etan. Pase bakoitzean 120 pertsonentzako edukiera egongo da bakarrik. Bi pase hauetako bat ikusteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Izena eman ezean ez da aukerarik izango bertan sartzeko, eta izena eman den ordutegian bakarrik sartu ahal izango da. 'Go!azen kontzertua' ikusteko aforoa beteta dago jada bi emanaldietan.

Goizean zehar, gainera, 3 klubeko kide egiteko aukera izango da, txoko berezi batekin.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;