Itxi

EITB TALDEA

EITB Taldea

EITBk zesta punta profesionalarekin aliantza sinatu du hiru urterako

EITB Media

Joseba Urkiola EITB Media Kirol zuzendariak eta Gaizka Muniategi eta Mikel Egiguren Txistera Kultur Elkartea-Jai Alive enpresaren ordezkariek izenpetutako akordioari esker, Euskal Herriko zirkuitu nagusiak, Gernikako eta Hondarribiko gran slam-ak, EITBn jarraitu ahal izango ditugu.

  • EITBk eta Txistera Kultur Elkartearen arteko akordioa.

    EITBk eta Txistera Kultur Elkartearen arteko akordioa. Argazkia: EITB Media

Euskal Herrian egiten den kirolaren erakusleiho izateko konpromisoa berretsi du gaur EITBk, zesta punta profesionala kudeatzen duten ordezkariekin sinatutako akordioari esker. Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendariak, eta Gaizka Muniategik eta Mikel Egigurenek, Txistera Kultur Elkartea-Jai Alive enpresaren ordezkari gisa, hiru urteko bermea duen hitzarmena izenpetu dute uztailaren 9an, ostiralez, EITBren Bilboko egoitzan egindako ekitaldian. 

Aliantza berri honi esker, zesta puntari oro har eta Jai Alai World Tour zirkuitu nagusiari bereziki, jarraipen zabala egingo diote EITB ikus-entzunezko taldeko hedabideek. Halaber, EITBk izango du Jai Alive enpresak antolatutako jaialdien gaineko ikus-entzunezko ustiapen-eskubideak mundu osorako esklusiban. 

2023ko abenduaren 31ra arte indarrean egongo den hitzarmenari esker, EITBk hamaika jaialdi eskainiko ditu aurten, eta hamabi hurrengo bi urteetan. 

Gaizkia Muniategik, Mikel Egigurenek eta Joseba Urkiolak sinatu dute akordioa. Argazkia: EITB Media

Gaizkia Muniategik, Mikel Egigurenek eta Joseba Urkiolak sinatu dute akordioa. Argazkia: EITB Media

Honenbestez, esku pilotak eta erremonteak bezalaxe eta EITB Pilotaren Etxea leloaren aterkipean, zesta puntak ere EITBren babesa eta bultzada jasoko du, ikus-entzuleei historia luzeko kirol honekin gozatzeko aukera emanez. Gogoratu beharra dago zesta puntak Euskal Herritik kanpo ere jarraitzaile asko dituela, Estatu Batuetara eta Mexikora joandako jatorri euskalduneko pilotari asko daude. Munduko edozein bazterretatik ikusi ahal izango dituzte EITBren emankizun hauek. 

Gernikako eta Hondarribiko grand slam-ak 

Jai Alai World Tourreko bi zirkuitu nagusiak izango ditugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en: Gernikako eta Hondarribiko grand slam-ak. Gernikakoa uztailaren 24n hasiko da eta abuztuaren 16an jokatuko da finala. Tartean hiru jardunaldi izango ditu: uztailak 31, abuztuak 7 eta abuztuak 14. Uztailaren 31koa salbu, beste guztiak eskainiko ditu EITBk. Irailaren 17tik urriaren 15era bitartean puntista onenak Hondarribian izango dira. Txapelketa hau osorik ikusi ahal izango dugu. 

Telebistaz, eitb.eus-en eta EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioetan jarraitu ahal izango dira jaialdi guztiak, Xabier Euzkitze eta Olatz Foruriaren kontakizunarekin. 

Bestalde, zesta puntako txapelketei arreta berezia eskainiko diete "Gaur Egun" (ETB1) eta "Teleberri" (ETB2) albistegietako kirol tarteetan, baita Euskadi Irratiko, Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako kirol saioetan ere.