Itxi

EITB TALDEA

EITB Taldea

EITBren parte-hartzea duten filmak, webgune berri batean bilduta

EITB Media

EITBk euskal zinemarekin duen konpromisoa erakusten duen 'EITB euskal zinemarekin bat' izeneko atari berezia sortu du. Bertan, azken bi urteetan EITBren parte hartzea izan duten film eta dokumentalei buruzko informazioa kontsultatu daiteke.

  • EITBk euskal zinemarekin duen konpromisoa erakusten du web berriak

    EITBk euskal zinemarekin duen konpromisoa erakusten du web berriak

EITBk euskal zinemaren aldeko apustu sendoa egiten du urtero, eta hainbat film eta dokumentaletan hartzen du parte. EITB euskal zinemarekin bat ekimenak erakusleiho propioa izango du aurrerantzean eitb.eus atarian. Bertan azken bi urteetako ekoizpenei buruzko informazioa kontsultatu daiteke. 

Zinemarekin duen konpromisoari leial, bereziki, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenak, emakumeak buru dituztenak eta balio berriak bultzatzen ditu EITBk. Horien artean daude, besteak beste, aurtengo Zinemaldiko sail ofizialean lehiatuko den Iciar Bollainen filma, Maixabel, Maixabel Lasaren bizipenen ingurukoa, eta Nora, iaz Donostiako jaialdian aurkeztu eta irailaren 3an zinema aretoan estreinatuko den Lara Izagirreren bigarren film luzea. 

Oraindik estreinatzeko datarik ez duten Matrioskas, las niñas de la guerra dokumentalak (Helena Bengoetxea) eta La cima filmak (Ibon Cormenzana) ere EITBren parte-hartzea izan dute. 

Aurreko urteko lanen artean daude Akelarre (Pablo Agüero) eta Ane (David Pérez Sañudo) film sarituak (bost eta hiru Goya sari irabazi dituzte hurrenez hurren); Mireia Gabilondoren Erlauntza/Enjambre (datorren abuztuaren 10ean ETB2ko "La Noche De…" saioan estreinatuko da gaztelerazko bertsioa), eta El Drogas eta Dardara, Enrique Villarrealen eta Berri Txarrak taldearen inguruko  ikus-entzunezkoak, hurrenez hurren. 

EITB euskal zinemarekin bat: Erlauntza

EITB euskal zinemarekin bat: Erlauntza

EITB Zinemarekin bat webgunean ikus-entzunezko lan horien eta beste hainbaten fitxa topatuko dugu honako datuekin: zuzendaria, aktore nagusiak, ekoiztetxea, generoa eta estreinaldi eguna. Horrekin batera, sinopsia eta zenbait kasutan trailerra ere ikusgai daude. Era berean, film bakoitzarekin lotutako albisteak eta zuzendariei egindako elkarrizketak topa daitezke, eta atari bizia denez, eduki berriak eta EITBren parte-hartzea izango dute etorkizuneko ekoizpenak gehituko dira.