Itxi

EITB TALDEA

Biba Egunean Behin

28.282 pertsonek jokatu zuten aldiberean 'Biba Egunean Behin' final arrakastatsua

EITB Media

ETB1 jolas esperientzia berritzaile honen sustatzaile nagusia izan da, Egunean Behin galdera-erantzun lehiaketaren final erraldoia bigarren aldiz telebistan eskainiz.

1:22
28.282 euroko ekarpena egin du

Ostegun gauean, "Biba Egunean Behin" lehiaketaren final sinkronizatu handia eskaini zuen ETB1ek partaidetza arrakasta handiarekin: 28.282 lagunek jokatu zuten telebista eta telefono mugikorraren bidezko aldibereko lehiaketa handia. ETB1 jolas esperientzia berritzaile honen sustatzaile nagusia izan da eta bigarren aldiz zuzenean eskaini du Egunean Behin galdera-erantzun lehiaketaren final erraldoia telebistan.

Esan bezala, "Biba Egunean Behin" osteguneko saioan 28.282 lagunek parte hartu zuten, uztailaren 15ean eskainitako finalean baino % 12 gehiagok. Guztien artean 63.000 partida jokatu zituzten hiru txandatan, horiek ere aurrekoan baino % 12 partida gehiago izan zirelarik. EITB Maratoiaren egun handiarekin bat eginez, lehiaketaren partaide kopurua bezain besteko diru ekarpena egin zion saioak alzheimerraren ikerkuntzara bideratutako elkartasun ekimenari, 28.282 euro hain zuzen ere.

Halaber, Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztutako saioak audientzia bikaina izan zuen: % 4,5ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 13,1eko kuota. Gainera, 64.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Telebistan, hiru bikote aritu ziren zuzenean jolasten, telefono mugikorretatik konektatu ziren milaka lehiakideekin batera: Maitane Urbieta eta Iker Galartza, Julen Telleria eta Jon Gotzon Aldaparena, eta Sara Cozar eta Sebastian Lizaso. Horrez gain, Erik Gartzia aurreko denboraldiko irabazlea hartu zuten lehian aritzeko.

Jon Arroyo usurbildarra izan zen finaleko onena eta 2000 euroko bidaia txartela irabazi zuen. Hala ere, partidarik onena Mariak egin zuen: bigarren txandan 10 galderak asmatu zituen 27 segundotan. Bestalde, parte hartzaile guztien artean 1000 euroko beste bidaia txartel bat zozketatu zen.

Jokalarien % 54a emakumezkoa izan zen eta aplikazioan, eguneroko jardunean bezala, android dispositiboetatik konektatutakoak % 80 ziren eta ios bidez bat egindakoak % 20.

Techno-taiment

EITBLab ideia eta eduki berrien laborategiaren eskutik eta CodeSyntax enpresarekin aliantzan landu dute EITBk Egunean Behineko finala ETB1erako orain ere. Techno-taiment formatuaren bidez, bide berri bat urratu zen uztailean eta ostegunekoa bigarren saiaketara izan zen; egun berean, ordu berean eta lehiaketa berarekin sakelakoa eta telebista lotu eta milaka lagun lehia bizian jartzeko.

Izan ere, horixe da ETBLab departamentuaren helburua: gaur egun sakelekoa eskuartean dugula ikusten dugunez denok telebista, etekina ateratzea postura horri eta zuzeneko partaide anonimo izateko aukera luzatzea.