Itxi

EITB TALDEA

EITB Pilotaren Etxea

Astelehen gauak eliteko zesta-puntaren gauak bilakatuko dira ETB1en

EITB Media

Zesta-puntak Euskal Herrian hasiko duen ziklo berriaren aliatu eta sustatzaile izango da komunikazio taldea. Jai Alai Winter Series txapelketa emango du, eta, aurretik 'Jai Alai: Azken hegaldia' dokumentalaren bi atal.

1:18
Txapelketan parte hartuko duten puntistak

EITBk ETB1eko astelehen gauak zesta-puntari eskainiko dizkio negu honetan. Eliteko zesta-puntaren erakusleihoa izango da komunikazio taldea, Jai Alai Winter Series txapelketa handia zuzenean astelehenero eskainita. Aurretik, halaber, behin betiko itxi den Miamiko Dania frontoian lehiatzen ziren pilotariei buruzko Jai Alai: Azken hegaldia dokumentalaren bi atal izango dira ikusgai, urtarrilaren 17an eta 24an.

Urtarrilaren 14an, EITBko Kiroletako lantaldeak, Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria buru dela, Miamin aritu diren pilotariak hartu zituen Bilboko egoitzan. EITBren zesta-punta proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkien Joseba Urkiolak pilotariei. Halaber, adierazi zien EITBren ateak zabalik izango dituztela "eta, gainera, etapa berri honetan bidelagun izango gaituzue", erantsi zuen.

Jai Alai Winter Series txapelketa Gernikako Jai Alai frontoian jokatuko da eta EITBrako Xabier Euzkitzek gidatuko du, Olatz Foruriaren laguntzarekin. Antxon eta Rikardo Alberdi pilotari eta zesta adituek ere kontakizunean hartuko dute parte. Bederatzi jardunaldikoa izango da lehiaketa, hasierakoa (urtarrilak 29, 22:00etan, zuzenean) eta finala (martxoak 20, 12:00etan, zuzenean) izan ezik, astelehen gauez jokatuko da. ETB1en, eitb.eus-en eta ETB Basque kanalean izango da ikusgai. AEBetan zestak duen sonari erantzunez, EITBk leiho bat zabalduko du partida hauek euskal diasporak eta, oro har, Euskal Herritik kanpo diren zaleek, ikus ditzaten.

EITB, Euskal Herrian sortzen diren aukeren bultzatzaile eta aliatu

Gernikako Jai Alai frontoian ikusiko ditugu negu honetan egungo puntistarik onenak. AEBetako zesta-puntaren azken gotorlekua izan den Miamiko Daniako frontoia ixteak euskal puntisten ametsak apurtu ditu. Ziklo bat atzean utzi eta bere bidea AEBn egin duten kirolariei Joseba Urkiolak adierazi die, EITBk Euskal Herrian sortzen diren aukeren bultzatzaile eta aliatu izan nahi duela. "Miamin apurtutako ametsa eta utzitako arrasto garrantzitsua, denon artean Euskal Herian berreskuratzen saiatuko gara", esanez amaitu du EITB Mediako Kiroletako zuzendariak pilotariekin eta zestaren inguruan murgilduta dabiltzan hainbat lagunekin egin den topaketa.

Jai Alai Winter Series lehiaketaren aurretik ikusiko ditugun dokumentaletan, Daniako pilotalekuan aritu diren hainbat pilotari hurbiletik ezagutu ahal izango ditugu.

Daniako frontoiaren itxiera AEBetan inflexio puntua izan da euskal pilotaren historian; 120 urtez munduan barrena bidaiatzen ibili ostean, zesta-punta sorterrira dator azkenik. Jai Alai: Azken hegaldia dokumental sortak Daniako pilotariak ditu protagonista. Pilotarion etxerako bidaiak zesta-puntaren aro berriari emango dio hasiera. Lehengo atalak Daniako frontoiaren itxiera jasotzeaz gain, Magic City-ko kristalezko frontoi esanguratsuaren gorabeherak ere bildu ditu.