Itxi

EITB TALDEA

Saria

EITBPodkasten "Artxipelagoa" audio-fikzioak irabazi du 2022ko Irratiaren Argia Saria

EITB Media

Soinu-fikzio distopikoak bigarren denboraldia izango du. EITBPodkast plataformarako Ulu Mediak ekoitzitako telesaila da eta, besteak beste,Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy, Anartz Zuazua, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Amaia Hennebutte eta Klara Badiola dira protagonistak.

1:18

EITBPodkasteko "Artxipelagoa" audio-fikzioak jaso du 2022ko Irratiaren Argia Saria, Argiak berak ostegun honetan jakitera eman duenez. Soinu-fikzio distopikoa da "Artxipelagoa", EITBPodkast plataformarako Ulu Mediak ekoitzitako telesaila, eta bigarren denboraldia izango du, gaur bertan baieztatu denez.

"Gaur saritzen dugun fikziozko podcast honek osagai klasiko guztiak ditu: akzioa, onak, gaiztoak, borrokak, heroiak... dena, 2103. urteko giro apokaliptikoan ondo blaitua", azaldu du Argiak.  "Distopia zaharra da sormenaren historian, baina sasoi batzuetan besteetan baino indartsuago ageri zaigu, eta COVID garaiak edo bizi dugun larrialdi klimatikoak indar berezia ematen diete gisa honetako lanei", gaineratu dute.

Formatu berrien garrantzia ere azpimarratu du Argiak sariaren berri ematean. "Komunikazioaren munduan oso zaharrak dira irrati-nobelak edo antzerki-nobelak, eta XX. mendeko erdialdean milaka pertsona harrapatzen zituzten dramatizazio haiek. Orain podcastak deitzen zaizkie, ez dira berdinak, baina sustrai bertsukoak bai, eta azken urteetan lortu dute arrakasta interneteko euskarri gisa", nabarmandu dute.

"Artxipelagoa" fikzioak euskal antzerki eta zinemagintzako ahots handiak ditu protagonista, horien artean, Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy, Anartz Zuazua, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Amaia Hennebutte eta Klara Badiola, Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko hainbat kiderekin batera. Ideia originala Oier Aranzabal, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberriarena da, eta Aranzabalek Juan G. Andresekin batera zuzendu eta ekoitzi du proiektua. Gidoia Xabier eta Martin Etxeberria anaiek sinatzen dute, eta grabazioaz eta audio diseinuaz Xanti Salvador eta Koldo Corella arduratu dira. Soinu banda originala Rafa Ruedak eta Aritz Aranburuk egin dute, kartela eta arlo grafikoa, berriz, Xabier Sagastarena dira.

'Artxipelagoa' lanaren irudia

'Artxipelagoa' lanaren irudia

Serieak etorkizun hurbil eta apokaliptiko batera eramango gaitu: kontinenteen zati handi bat urpean geratu da, tartean Europa gehiena. Tsunami moduko igoera honek ez du soilik herrialde osoak urpean geratzea eragin, baizik eta domino-efektu bizkor batean, telekomunikazioak, nekazaritza eta energia produkzioa ezereztatu ditu. Bizirik irautea lortu dutenek baliabide urriko eszenatoki berri eta zatitu batean mugitu behar dute, horien artean, Euskal Artxipelagoan bizi den Jare neska gazte protagonistak ere.

Ulu Mediak ekoiztutako proiektu honetan teknologia binaurala erabili da; beraren bitartez entzulea ekintza gertatzen den espazioan kokatzen da, soinuz inguratuta, esperientzia murgiltzailea sortuz. 5.1 audioan nahastu den lehenengo audio fikzioa da.

Euskaltegi eta ikastetxeetako irakasle eta ikasle ugarik eskatuta, gainera, "Artxipelagoa" seriearen gidoiak edonorentzat daude eskuragarri webgunean.

"Artxipelagoa"ren arrakasta

Lehen denboraldi arrakastatsua izan du lanak. 2021eko urrian estreinatu zen "Artxipelagoa", eta euskarazko podcast entzunena izatera iritsi da audio-fikzio seriea. EITBPodkasten bakarrik 5.300 entzunalditik gora izan ditu, eta agregatzaileetan ere emaitza onak: 16.000 klikalditik gora, orotara, IVOOX, Google Podcast, Apple Podcast eta Spotifykoak batuz. 

Spotyfyko emaitzak dira bereziki nabarmentzekoak. 15.350 entzunaldi izan ditu "Artxipelagoa"k, urriaren 3an abiatu eta gaur arte.  Urriaren 11n lortu zuen Estatuko edukien artean Top #69 postuan kokatzea. Estatuan euskarazko eduki batek inoiz izan duen emaitzarik onena da. Areago, 889 harpidetza lortu ditu bere aurreneko denboraldian Spotyfy. Google Podcast-en, berriz, 805 entzule-konprometitu.

EITBPodkastek, berriz, ia 23.000 bisita izan ditu 2021eko apirilean martxan jarri zenetik.