Itxi

EITB TALDEA

Korrika 22

Korrikaren amaierari jarraipen zabala EITB Median

EITB Media

EITBko hedabideak Donostiatik zuzeneko saio bereziak eskainiko dituzte telebista eta irratietan lasterketaren amaieraren eta giroaren berri emateko. "Teleberri" eta "Kirolak" tarteak ere Donostiatik egingo dira zuzenean.

  • EITB Korrikan.

    EITB Korrikan.

EITBko hedabide guztiak - ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta eitb.eus-ek – korrikaren amaierarekin bat egingo dute igande honetan, apirilaren 10ean, Donostian.

Amurrioko Korrikaren hasierako emanaldia bezala, Donostiako amaiera zuzenean eskainiko dute euskal hedabideek elkarlanean igandean. ETB2n lasterketaren amaierako jai giroa eta 11 egunez lekukoaren barruan gordeta egon den adierazpenaren irakurketa zuzen zuzenean eskainiko dira, 11:30etik aurrera. Ilaski Serranok eta Ekhiñe Atorrasagastik gidatuko dute saioa gonbidatu garrantzitsuekin eta zuzeneko giroa bilduz.

Gainera, Korrikaren amaiera Euskadi Irratian eskainiko da, berriz ere gainerako euskal komunikabideekin elkarlanean. Euskadi Irratiko "Amarauna" saioaren emanaldi berezian izango da, Nagore Telleriaren eskutik. Bestalde, Almudena Cachok Donostiatik egingo du Radio Euskadiko "Más Que Palabras" saioa ere.

ETBko albistegiek amaiera borobila emango diote igandean Korrikari. Alderdi Ederretik bertatik egingo dituzte Lierni Agirrezabalak eguerdiko "Gaur Egun" eta Xabier Ormazabalek "Teleberri" albistegia. Halaber, Ana Ramosek eta Jose Ituartek gidatutako kirol tarteak ere Donostiatik eskainiko dira.

Behin Korrika amaituta, Donostian izango den jai handia osatzeko, 13:30ean, "Egunean Behin", Korrika eta EITBren artean Boulevardean bertan antolatutako "Egunean Behin partida flasha" jokatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Gazteako Antton Telleriak aurkeztuta, hiru partida jokatuko dira eta parte hartzaile iaioenak sari bikaina irabaziko du.

EITB Korrikan

Hedabideetan Korrikari leihoa zabaltzeaz gainera, EITB Taldeak hiru kilometro izan ditu lasterketan. Aurreko larunbatean, elurra lagun eta giro paregabean, EITBko hamabost lagun inguruk parte hartu zuten Iruñeko korrika saioan. Atzo arratsaldez Bilbokoen txanda izan zen eta EITBren aurpegi  ezagun ugari bildu ziren bertan.

Igandean, Donostian, Julen eta Antton Telleriak eramango dute lekukoa EITBren kilometroan, eta eitb.eus-eko langileei pasako diete ondorengo kilometroan. Herrerako tren geltokian izango da (Jose Elosegi hiribiderantz), 11:56ean, (2562 eta 2563 kilometroak)

Bestalde, Pausoka ekoiztetxearen eskutik, "Irabazi Arte!" eta "Go!azen" telesailetako aktoreek beste kilometro bat izango dute Barcelona Hiribideko 10. zenbakian, 09:35ean. Amaitzeko, "El Conquistador del Fin del Mundo" realityak ere bere kilometroa izango du Donostian, Makondo biribilgunearen aurreko gasolindegian, 11:45ean. Kasu honetan, Jose Luis Kortak eramango du lekukoa.

Korrika hauspotu eta girotzeko EITBren furgoneta bat ari da ibilbidea egiten pantaila handi batekin. Gune nabarmenetatik lasterketaren aurretik igarotzen da furgoneta, lasterketa nondik doan pantailan erakutsiz.