Itxi

EITB TALDEA

Sariak

ETB1eko "Abiapuntua" eta ETB2ko "Aquí y Ahora" saioek Europako Prix CIRCOM 2022 sariak jaso dituzte

EITB MEDIA

ETBk Europako hedabide publikoen sarietan bi golardo jasoko ditu Galwayn, Irlandan, egin den sari banaketa ekitaldian.

00:59
Unai Iparragirre

EITBk nazioarteko bi sari jaso ditu Galwayn; zehazki, Prix CIRCOM Regional sariek ETB1eko "Abiapuntua" eta ETB2ko "Aquí y Ahora" saioetako profesionalek egindako lana aintzatetsi dute. Europako eskualde guztietako programa eta kateekin lehiatu ondoren, adituen epaimahaiak erabaki du EITBko bi programa horiei aipamen bereziak ematea Minorities in society eta Investigative journalism kategorietan, hurrenez hurren. 

Sariak ostegun honetan banatu dira Galwayn, Irlandan, CIRCOMek antolatutako Urteko Eskualde Konferentziaren baitan. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak jaso ditu golardoak, Euskadiko telebista publikoko bi ekoizpen horietan parte hartu duten EITBko profesional guztien izenean. 

Xabier Madariagak ETB1en aurkeztutako "Abiapuntua: Oztopoak gaindituz" saioak Gutxiengoak gizartean ataleko saria jaso du. Epaimahaikideek oso modu positiboan baloratu dute espazioa, honako hau azpimarratuz: "[…] oso pieza entretenigarria da. […] modu arras sinesgarrian, beste errealitate batzuetara hurbiltzen dira saioko protagonistak, beren aurreiritziak kolokan jarriz. […] oso ondo egokitzen da kategoriaren irizpideetara".

'Abiapuntua'

'Abiapuntua'

EITBk "Aquí y Ahora: Hermanos Koala, ¿en qué estamos fallando?" erreportajearen hautagaitza aurkeztu zuen Ikerketa kazetaritza alorrean, eta Prix CIRCOM 2022ko epaimahaikideek aipamen berezia eman diote. Saioari dagokionez, honako hau nabarmendu dute: "[...] tokian tokiko istorioa da, baina nazioarteko garrantzia duena baita ere. Kazetaritza ona, narratiba ona eta lan garrantzitsua. Zaila da gazteen eta banden konfiantza lortzea eta hain dokumental bikaina egitea. Harritu egin gaitu, ikuspegia originala delako eta banden funtzionamendua erakusten duelako. Lan sendoa eta ahaltsua".

'Aquí y Ahora'

'Aquí y Ahora'


CIRCOM, Europako hedabide publikoen elkartea

CIRCOM nazioarteko ikus-entzunezko sare bakarra da Europan, eta bere kideen arteko lankidetza sustatzea eta garatzea du helburu nagusietako bat; hala nola, programak koproduzitzea eta trukatzea, eta kazetarien eta teknikarien lanbide-heziketa indartzea Europa osoan. CIRCOMeko kide den heinean, EITBk bere egiten ditu balore eta helburu hauek, eta gainontzeko telebista publikoekin batera Galwayn egingo den jardunaldietan parte hartuko du maiatzaren 25, 26 eta 27an. 

Aurten, tokian tokiko bizitasun kultural eta ekonomikoan eragiteko jokatu dezaketen rola aztertuko dute jardunaldietara bertaratuko diren hedabideek. Topaketan, gainera, zerbitzu publikoaren balioaz gogoeta egingo dute eta kultur aniztasunaren sustapenean duten eginkizunean jarriko dute arreta. Europako eskualde komunikabideen arteko lankidetzaren hobekuntza izango da jorratu beharreko beste gai garrantzitsu bat.

Biltzarrean zehar, funtsezko beste gai batzuk ere plazaratuko dituzte mahainguruetan, hala nola, kazetaritzaren iraunkortasuna eta zerbitzu publikoaren hazkundea, eskualde eta ekonomia sortzaileak, eraldaketa digitala eta publiko gaztearenganako gerturatzea. Gai guzti hauek bat datoz EITBren etorkizuneko ikuspegiarekin, eta lehentasunen artean daude jasota EITB 2030 ESTRATEGIA dokumentuan.

Gainera, Irlandan egingo den topaketa honen amaieran, CIRCOMen hurrengo urteko biltzarraren egoitza iragarriko da, eta dagoeneko, EITBk bere burua eskaini du 2023an Europako hedabide publikoetako ordezkariak Euskadin hartzeko.