Itxi

EITB TALDEA

Jazzaldia

Musika eskaintza zabala kalean, EITBren eskutik, Gasteizko Jazzaldian

EITB Media

Gasteizko Jazzaldiaren 45. edizioa uztailaren 12tik 17ra ospatuko da, egungo eta etorkizuneko jazz musikaren ordezkari nabarmenekin. EITBren eskutik, Jazza Parkean ekimenak hainbat kontzertu eskainiko ditu zuzenean eta doan.

  • Ekainaren 23an Gasteizen izandako Jazzaldiaren aurkezpeneko irudia

    Ekainaren 23an Gasteizen izandako Jazzaldiaren aurkezpeneko irudia

Gasteizko Jazzaldiak bere 45. edizioa ospatuko du uztailaren 12tik 17ra. Mendizorrotzako agertokia berreskuratuta, egungo jazzean sortzen ari diren figura berriak eta musikari nabarmenenak bilduko ditu aurtengo edizioak. 

Gainera, jazzaren magia hiri osora zabaltzeko asmoarekin, kaleko emanaldien aldeko apustu garrantzitsua egin du jaialdiak. EITBren 40. urteurrenaren baitan eta Radio Vitoriaren eskutik, Jazza Parkean ekimenak zuzeneko emanaldiak eskainiko ditu Prado parkean etenik gabe eta doan, hilaren 16an eta 17an, 12:00etan hasi eta Mendizorrotzako kontzertuak abiatu arte. Musika eskoletako ikasleek emango diote ekimenari hasiera, eta oholtza gainean arituko dira, besteak beste, Travellin' Brothers, Magalí Sare eta Manel Fortiá bikotea, DJ Toner 4teten jazz elektronikoa, Erik Truffaz tronpeta jotzaile frantziar handia eta La Señora Tomasa artistak.

45. edizioa iragartzen duen kartela Javier Navarrete ilustratzaile madrildarraren lana da, eta jazza kalean berreskuratzearen poza islatzen du. Jazz Jaialdiak musikarien leialtasuna, hiriak beti eman dion babesa eta, batez ere, publikoaren fideltasuna omendu nahi izan ditu diseinuarekin.

Radio Vitoriak gertu-gertutik jarraituko du Jazzaldiaren gaurkotasuna; Radio Vitoria Jazz irratiak, uztailaren 12tik 17ra, 24 orduz emango du jaialdiaren berri (103.4 frekuentzian eta webgunean). Gainera, ohiko kanaletik, irratiak atal bereziak, jaialdiaren informazioa eta Mendizorrotzako kontzertuen zuzeneko emanaldiak eskainiko ditu. 1986az geroztik, Radio Vitoriak Gasteizko Jazzaldiari babesa eman dio urtero. 

Egungo eta etorkizuneko jazza

Mendizorrotza kiroldegian kontzertu ikusgarriak eskainiko ditu jaialdiak. Besteak beste, Eliane Elias pianista brasildarrak Mirror, mirror bere azken lana aurkeztuko du eta Arturo Sandoval tronpetista kubatarrak bere maisutasuna erakutsiko du.

Horrez gain, jazza ulertzeko modu berriak aldarrikatzen dituzten artistek ere tokia izango dute jaialdian, horien artean, Robert Glasper Texasko pianista eta ekoizlea eta Snarky Puppy 25 musikarik osatutako kolektibo estatubatuarra.

Estilo britainiarra eta katalana

Gasteizko Jazzaldiak Europako joerak aurkezteko apustua ere egin du. Hala, jazz britainiarrak Theon Cross musikaria eta Yazz Ahmed tronpeta-jotzaile britainiar-bahreiniarrak ditu musikari onenen artean.

Bere jazz-proposamenagatik nabarmentzen ari den beste eremu geografiko bat Katalunia da, eta bertako bi artista arituko dira Jazzaldian: Xavi Torres pianista eta Giulia Valle kontrabaxu-jotzaile eta orkestra-zuzendaria.

Kase.O jazz raperoak itxiko du Jazzaldiaren 45. edizioa uztailaren 17an, igandean, Jazz Magnetism disko arrakastatsuaren hamargarren urteurreneko biraren barruan eskainiko duen kontzertuan.

Jazz Antzokian

Bestalde, egungo jazz panoramaren alderik berritzaile eta ikusgarriena Principal Antzokian eskainiko da arratsaldero.

Yessa Karapetian pianista eta konpositore armeniarra, Rising Stars Jazz Award sari ospetsuaren azken edizioaren irabazlea, eta Marcin Masecki pianista poloniarra, bere herrikide Jerzy Rogiewicz bateria-jotzailearekin batera, Principalean arituko dira.

Jazz Times aldizkariaren inkestaren arabera, James Brandon Lewis 2021eko saxo tenore onenaren soinuaz gozatzeko aukera ere izango dute zaleek. Gainera, Kassa Overall musikari berritzailearen kontzertuak abangoardiako inprobisazioa eta hip-hop eta jazz fusioa erakutsiko du. Inaugurazio-kontzertua EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak egingo du.

Jazz Jaialdiak jam sessionak ere berreskuratuko ditu aurten, uztailaren 13tik 16ra. Cyrus Chestnuten hirukoteak Ciudad de Vitoria hotela benetako jazz-klub bilakatuko du, ustekabeko topaketei eta, ziur aski, inoiz ikusi gabekoei irekia.