Itxi

EITB TALDEA

Uztailak 4

"Sara eta Paulen abenturak!" gaztetxoentzako audio-fikzio berria estreinatu du EITBPodkast plataformak

EITB Media

Bernando Atxagak duela 40 urte irudikatutako 'Logalea zeukan ekilibristaren kasua' antzezlana podcast formatura egokitu da, zirkua inklusioa lantzeko kokaleku gisa. Sara eta Paul gaztetxoak dira protagonistak; Sara itsua denez, Paulen kontaketari esker ikusiko du bertan gertatzen dena.

  • Sara eta Paulen abenturak

    Sara eta Paulen abenturak

"Sara eta Paulen abenturak!" gazteentzako euskarazko audio-fikzio berria estreinatu du uztailaren 4an EITBPodkast plataformak, Bernardo Atxaga idazlearen "Logalea zeukan ekilibristaren kasua" antzezlanean oinarrituta. Iñaki Beraetxek zuzendu du lana, eta berea da ere gidoiaren adaptazioa. Lorea Intxausti, Kepa Errasti, Itziar Urretabizkaia, Ainhoa Ayerbe, Iñaki Beraetxe, Joxe Felipe Auzmendi eta Aintzane Gamiz dira ahots nagusiak.

6 urtetik 13 urte bitarteko entzule gazteei dago zuzenduta, eta bizikidetza inklusiboa bultzatzeko helburuarekin sortutako edukia da. Izan ere, Sara neska itsua da, talentu apartekoa eta lagunkoia. Paul, berriz, eskolan bullyingaren biktima da, hitz totela, hortzeria itsusikoa… baina mutil baikorra, hala ere.  

Zirkuaren karpa handia herrian jarri dutela aprobetxatuta joango dira 13 urteko bi gazteak ikuskizunaz gozatzera. Sara itsua denez, Paulen kontaketari esker ikusiko du bertan gertatzen dena, podcastaren entzuleek bezala. Ikuskizun eta ikuskizun artean neskaren glaukoma, azterketak, gurasoen dibortzioa, ebakuntzak, seme bakarra izatea, harremanak edota bullyinga bezalako gaiak aterako dira. Beraz, inklusioa modu naturalean arnasten da lan honetan.

Atxagaren ipuina audio-fikzio podcastera egokitu du Beraetxek, 12 ataletan banatuta. Horietan, ipuineko jatorrizko pertsonaiak ere ageri dira, Maria Txorakeri señorita, Pierres Chanpignon, Banbolini bera… Sara eta Paul ikustera joango diren zirku ikuskizuneko artista gisa. Hain zuzen ere, podcastaren amaieran argituko da ekilibristaren kasua.

Sara eta Paulen abenturak uztailaren 4tik 15era argitaratuko dira EITBpodkast atarian, egunero atal berri bat; eta, hortik aurrera, noiznahi entzuteko aukera izango da plataforman bertan. Spotifyn, Google Podcasts, Apple Podcasts eta Ivoox bitartez ere jarraitu ahal izango da audio-fikzioa.

IBT-CRI zentroekin eta ONCErekin elkarlanean

EITBPodkast plataforman estreinatu aurretik, serie osoa aldez aurretik eskaini die EITBk Eusko Jaurlaritzako IBT-CRI zentroei, ikusteko urritasuna duten ikasleekin eta euren irakasle, familia eta elkarteekin lan egiteko.

Hala, ekainaren 30ean egin da aliantza horren aurkezpena, eta bertan izan dira Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko Zuzendaria, Ana Roncero Gasteizko IBT-CRI zentroko zuzendaria eta Ana Inda Bilboko IBT-CRI zentroko zuzendaria.

Maite Goñi

Maite Goñi, Ana Roncero eta Ana Indarekin batera.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak dituen organismo publikoak dira IBT-CRI zentroak, ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzaren barne hartzeko baliabidetegiak, alegia. 1980tik dabiltza elkarlanean heziketa zentroekin ikusmen-desgaitasuna eta itsutasuna duten ikasleen inklusioa lortzeko. 

ONCE Euskadik ere bat egin du proiektua zabaltzeko.

Zirkuaren magia, euskaraz

"Sara eta Paulen abenturak!" lan berri honetan, ahozko prosodia naturalean mintzatzen dira protagonistak, hizkuntza jator eta gaztea erabilita, tonu inposatuetatik ihes egiten duena. Entzumena lantzeko ezin hobeak dira zortzi bat minutuko 12 atalak. Begiak itxi eta zirkoaren magia ekartzen dizu burura Azimuth Faktoriak EITBPodkasterako ekoitzitako podcast sail honek. Ekoizpena Irune Urdanizena da, soinu teknikaria Xabier Abalde dugu, eta soinu diseinua, berriz, Mikel Mendiarazena da.

Uztailean, euskarazko ipuin gehiago

"Sara eta Paulen abenturak!" ez da izango udako eskaintza bakarra. Izan ere, uztailaren 18an, bideopodcastak ekarriko dizkio EITBPodkastek familiei eta udaz gozatzen ari diren umeei. Zehazki, OQO-Txalaparta argitaletxeen 5 ipuin izango dira, nazioarteko idazleek idatzi eta euskarara ekarritakoak, ilustrazio animatuekin plataforman zein YouTuben ikusteko moduan.

Hauek dira bost ipuinak:

-Dortokak lo egin nahi du
-Ez da munduan min handiagoa ematen duenik
-Ohean, mendi artean
-Kokoriko
-Inuiten mila zuriak