Itxi

EITB TALDEA

FesTVal 2022

"Tupper Club", "Irabazi Arte!" eta EITBren 40. urteurrena saritu dituzte FesTVal jaialdian

EITB Media

EITBk lehen aldiz eman du telebistan FesTVal jaialdiaren itxiera gala eta bertan hiru sari jaso ditu komunikazio taldeak: "Tupper Club" eta "Irabazi Arte!" saioak eta EITBren 40. urteurrena nabarmendu dituzte. Bestalde, Iñaki Gabilondo kazetariak jaso du urteroko EITB Saria.

01:36
'Irabazi Arte' telesailaren protagonistak eta arduradunak, FesTValen. Argazkia: EITB Media

Gaur, irailak 10, FesTVal telebista jaialdiaren itxiera gala ospatu da Gasteizko Principal Antzokian eta EITBk lehen aldiz eman du ekitaldia telebistan. Bertan, Estatu mailako telebista munduko pertsona ospetsuak bildu dira eta urteko ekoizpen eta saio nabarmenenak saritu dituzte.

Eman diren sarien artean, Gasteizko jaialdiak EITBren saio eta profesionalak nabarmendu ditu, baita ikus-entzunezko taldearen 40 urteko ibilbidea ere. Hartara, hiru sari jaso ditu komunikazio taldeak: Javi Sierrak aurkezten duen "Tupper Club" saio gastronomikoa, "Irabazi Arte!" fikziozko telesaila eta EITBren 40. urteurrena gailendu dituzte. Bestalde, EITBk Iñaki Gabilondo kazetariaren profesionaltasuna eta ibilbidea gailendu du EITB Sariarekin.

Unai Iparragirre eta Elene Lizarralde EITBren 40. urteurreneko saria jasotzen. Argazkia: EITB Media

Unai Iparragirrek eta Elene Lizarraldek jaso dute EITBren 40. urteurreneko saria. Argazkia: EITB Media

Urtero bezala, EITBko ordezkaritza zabala bildu da FesTValeko itxiera galan eta telebistako aurpegi ezagunenak jaialdiko alfonbra laranjan desfilatu dute. Diego Losada eta Ilaski Serrano izan dira itxiera galaren aurkezleak.

"Tupper Club", "Irabazi Arte!" eta EITBren 40. urteurrena

"Tupper Club" saioak FesTVal saria jaso du aurten. Epaimahaiak "ETB bezalako kate batek mota honetako formatu ezberdin baten aldeko apustu irmoa eta egokia" nabarmendu du. "Tupper Club formula beste telebista autonomiko batzuetara zabaltzea lortu du, gastronomia telebistan modu gertu batean erakutsiz eta generoko lehiaketetarako bide berri bat proposatuz". Lehiakideek sukaldean aritu eta lehiatzeko duten naturaltasunak, zein plateren eta jakien gertutasunak publiko guztientzako saioa bihurtu dute Javi Sierra sukaldariak aurkezten duen saioa.

'Tupper Club' saioko kideak sariarekin. Argazkia: EITB Media

'Tupper Club' saioko kideak sariarekin. Argazkia: EITB Media

Bestalde, "Irabazi Arte!" euskarazko fikzio telesailak 2022ko CIMA FesTVal Berdintasun saria irabazi du. Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, emakumeen ahalduntzea eta emakumeen arteko elkartasuna sustatzen dituen telesail gaztea da. Halaber, garapen transmedia interesgarria ere azpimarratu dute, entzule gazteak erakartzeko Instagram kontua, web orria, podcasta eta komiki digital interaktiboa (app eran eskuragai dagoena) baititu.

'Irabazi Arte!' telesailak 2022ko CIMA FesTVal Berdintasun saria irabazi du. Argazkia: EITB Media

'Irabazi Arte!' telesailak 2022ko CIMA FesTVal Berdintasun saria irabazi du. Argazkia: EITB Media

Amaitzeko, EITBren 40. urteurrenak FesTValeko aipamen berezia jaso du. EITBren lau hamarkada luzeko ibilbide oparoa posible egin duen profesional taldea eta EITBren zerbitzu publikoko izaera gailendu ditu epaimahaiak, euskal gizartearen zerbitzura Euskadiko ikus-entzunezko talde nagusi bihurtzeko.

Iñaki Gabilondori EITB Saria

Aurtengo EITB Saria Iñaki Gabilondo kazetariak jaso du Gasteizko FesTVal telebista jaialdian. Haren profesionaltasuna nabarmendu eta komunikazio-hedabideetan kalitatezko kazetaritza lana defendatuz egindako ibilbide oparoa aintzat hartu du EITBk.

EITBk FesTValean ematen duen hamargarren EITB Saria da, Euskadirekin eta EITBrekin harreman berezia duten profesionalen lana eta ibilbidea goraipatu asmoz. Aurreko edizioetako saridunak hauek izan dira: Anne Igartiburu, Pello Sarasola, Karra Elejalde, Karlos Arguiñano, Mariví Bilbao, Mikel Ayestaran, Ramon Agirre, Galder Gaztelu-Urrutia eta Alejandro Echevarria.