Itxi

EITB TALDEA

Albistegiak

'Prestige: 20 urte', aste honetan EITBren albistegietan

EITB Media

Euskal Telebistako eta Radio Euskadiko albistegiak Galizian izango dira; eta, astean zehar, erreportaje bereziak eskainiko dituzte Prestige ontziaren hondamendiaren inguruan.

  • Prestige, 20 urte

    Prestige, 20 urte

Aste honetan zehar, EITBren albistegiek eduki eta erreportaje bereziak eskainiko dituzte Prestige petrolio ontziaren hondamendiaren 20. urteurrena dela eta. Hala, Euskal Telebistak, Radio Euskadik, Euskadi Irratiak eta eitb.eus-ek 2002ko azaroaren 13an eta handik aurrerako egunetan Galiziako kostaldean gertatutakoa gogora ekarriko dute; eta horrek utzitako ondorioak ere aztertuko dituzte, tartean, ingurumen zein politika mailan. Gainera, Euskal Telebistako eta Radio Euskadiko zenbait kazetarik Galiziara egingo dute bidaia, eta bertatik egingo dituzte konexio eta erreportaje bereziak.

Aintzane Bolinaga eta Juan Carlos Etxeberria, Galizian

Euskal Telebistan, Aintzane Bolinaga eta Juan Carlos Etxeberria kazetariak izango dituzte Galizian. Telebistako albistegiek, aste osoan zehar, Prestige ontziaren hondamendiaren eta horren ondorioen inguruko erreportaje bereziak eskainiko dituzte "Egun On Euskadi", "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan. Duela 20 urte bizi izandako unerik garrantzitsuenak errepasatu, eta istripuaren ondorioak aztertuko dituzte, baita elkartasun oldea eta boluntarioen lana ere.

Orduan, garbiketa lanetan ibilitako boluntarioekin egongo dira, baita Euskal Herriko zein Galiziako arrantzaleekin ere. Nunca Máis plataformako kideekin egongo dira, eta AZTI bezalako zentro teknologiko eta zientifikoek egindako lanari ere erreparatuko diote, besteak beste.

Dani Alvarez eta Laida Basurto ere, Galiziatik

Radio Euskadin, Laida Basurto kazetaria eta Dani Alvarez albistegietako burua Galizian izango dira, eta handik konexioak egingo dituzte albistegi eta saioetan, tartean, "Boulevard" eta "Ganbara" irratsaioetan. Zehazki, Muxian izango da asteazkenetik Laida; eta Dani, berriz, Santiagotik arituko da ostegunetik aurrera.

Itsasoarekin lotura duten herritarrekin hitz egingo dute, hala nola kofradietako kideekin, marinelekin, itsaskilariekin…; baita Nunca Máis plataformako ordezkariekin ere, eta garai hartan garbiketa lanetan aritutako boluntarioekin. Gainera, ordutik hona Galiziak politikoki izan duen bilakaera aztertuko dute Anton Losada Radio Euskadiko solaskidearekin.

Erreportaje horiek eskuragai izango dira eitb.eus webgunean eta EITB Nahieran plataforman; eta eitb.eus-ek, gainera, eduki bereziak argitaratuko ditu, horien artean, kontakizun kronologikoa orduko irudiekin, boluntario lanetan aritukotako kideen inguruko erreportajea, hondamendiak euskal kostaldean izandako eraginaren inguruko berezia, eta orain 20 urte hondamendiaren inguruko azken ordua bertatik bertara jarraitu zuen Laida Basurto EITB kazetariari elkarrizketa, garai hartan Euskal Telebistako albistegietan baitzegoen.