Itxi

EITB TALDEA

Sariak

Elixabete Garmendia EITBko lankide ohiak Rikardo Arregi sarietako ohorezko mugarria jaso du

EITB Media

Komunikazio saria enpresabidea.eus webguneak bereganatu du, eta Miel Anjel Elustondok Kazetaritza saria irabazi du 'Berria'-n argitaratutako 'Tonban ehortzirik' erreportaje sortagatik.

1:36
Elixabete Garmendia

Rikardo Arregi sarien aurtengo irabazleak jakitera eman dituzte gaur. Komunikazio saria enpresabidea.eus webguneak bereganatu du, eta Miel Anjel Elustondok Kazetaritza saria irabazi du Berria-n argitaratutako 'Tonban ehortzirik' erreportaje sortagatik. Bastero kulturgunean egin da sari banaketa. Gainera, sari banaketa ekitaldian ohorezko mugarri bana eman dituzte: EITBn lankide izan genuen Elixabete Garmendiari, euskarazko kazetaritzan izandako ibilbideagatik, eta Patxi Baztarrikari, Rikardo Arregi sariarekin izan duen loturagatik.

Elixabete Garmendiak Pilar Iparragirre hilberria gogora ekarri du saria jasotzean, "saminetik, Pilarrenganaino" luzatu du gaurko aitortza. "Sorioneku naiz", esan du Baztarrikak, hunkituta. Mugarria jasotzea "ohore" bat dela azpimarratu du.

EITBko bi ekoizpen Kazetaritza sarirako finalista izan dira, baina azkenean ez dute saririk eskuratu: LGTBIQ+ kolektiboaren egoera aztertzen duen "Aske Bizi" dokumentala, eta Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak gidatzen duten "Biba Zuek!" magazina.

Orain hiru urte hasitako bideari jarraituz, Rikardo Arregi sarien XXXIV. edizioak bi sari nagusi eman ditu: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Bakoitzerako lau finalista izendatu zituen epaimahaiak, eta irabazle bakoitzak 9.000 euro eraman ditu.

"Aske Bizi" dokumentala

"Aske Bizi" dokumentala joan den ekainaren 21ean emititu zen ETB1en, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, #EKIN_aniztasuna kanpainaren eskutik. Bertan, LGTBIQ+ kolektiboko kideen bizipen eta adierazpenak bildu zituen Xabier Madariaga kazetariak. Norberaren sexu izaeraz, erreferenteen garrantziaz, egungo gizartearen ikuspegiaz, maskulinitate ezberdinez, norbanako eta kolektiboaren ibilbideez, zein beraien harrotasunaz hitz egin zuen protagonistekin.

'Aske Bizi' dokumentaleko irudia

'Aske Bizi' dokumentaleko irudia

Epaimahaiaren esanetan, Xabier Madariagak, kontu handiz, galdera zuzenak baina errespetuzkoak egin zizkien gonbidatuei. "Patologizatu eta ahoan bilorik gabe aipatzen da hemen EHko LGBTIQ+ mundua, lekukoak aurkitzeko zailtasunak eta gai horiez mintzatzeko beldurrak gaindituz", gaineratu zuten.

"Biba Zuek!" ETB1eko arratsaldetako magazina 

"Biba Zuek!" saioari buruz, zera esan zuen epaimahaiak: "2020ko irailean hasi zen, eta lehen denboraldiko arrakastaren ondotik, 2021eko udazkenetik 2022ko uda bitartean (sariketa honi dagokion epean) bigarren denboraldian telebistako programazioaren mundu konplexu eta aldakorrean egonkortzea lortu du".

Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkezten duten magazinaren gertutasuna azpimarratu zuten, halaber. "Gaietan, tonuan, testigantzetan, kolaboratzaileen ekarpenetan… egunero nabarmentzen da hurbiltasun hori". Herritar arruntari interesgarri eta atsegin zaizkion edukiak "etxerako moduan" eskaintzen dizkiola aipatu dute. "Morbotik eta aktualitateko ohiko eztabaida nagusietatik ihes eginda, Euskal Herriko aniztasuna, lurraldetasuna, kultura eta abarrak mimoz zainduta ontzen dute saioa", gaineratu dute.