Itxi

EITB TALDEA

Batzen gaituen zinea

EITBren parte hartzea duen '20.000 especies de abejas' filma Berlinaleko sail ofizialean lehian

EITB Media

Estibaliz Urresolak zuzendutako pelikularen lantaldearekin batera, estreinaldian, besteak beste, Ibone Bengoetxea EITBko zuzendari kudeatzailea eta Aintzane Perez del Palomar EITBko antena eskubideen eta koprodukzioen arduraduna egon dira.

01:25
Berlinale

Estibaliz Urresola Solaguren zuzendari laudioarraren lehen film luzea, 20.000 especies de abejas, Urrezko Hartza lortzeko lehian da Berlinaleko 73.edizioan. Lehengo urtean Cuerdas film labur soziala Canneseko Zinemaldiko Kritikaren Astean estreinatu ondoren, Urresolak asteazkenean (otsailak 22) estreinatu zuen bere film luzea Berlingo zinemaldi entzutetsuan.

Berlinale Palasteko estreinaldi mundialean izan dira filmeko zuzendaria nahiz aktore nagusiak, baita Ibone Bengoetxea EITBko zuzendari kudeatzailea eta Aintzane Perez del Palomar EITBko antena eskubideen eta koprodukzioen arduraduna. Hain zuzen ere, EITBk parte hartzen du 20.000 especies de abejas pelikulan.

Gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez filmatuta dago eta Berlinaleko emanaldian euskara zinemaldi honetan entzuten den lehen aldia izan da, baita euskal emakume zinemagile batek bere film luzea Sail Ofizialean estreinatzen duen lehen aldia ere.

20.000 especies de abejas filmak Lucia neskato transexualaren istorioa kontzen du, kideek oraindik ere Aitor deitzen duten neskatoa. Eskolan jasaten duen giro horretatik ihes egin nahian, udaren etorrera gogoz itxaroten du. Krisi profesional eta sentimentalean murgilduta dagoen Ane amak, oporrak bere hiru seme-alabekin amaren etxean pasatzeko aprobetxatuko du. Bertan bizi da izeba Lourdes ere, erlezaintzan jarduten dena. Uda horrek bizitza aldatuko die, beraien burua gainontzekoen aurrean nola erakutsi nahi duten erabakitzera behartuko baititu.

Filma 2022ko udako zazpi astetan zehar grabatu zen Euskal Herriko hainbat lekutan, horien arten Laudio eta Hendaia. Sofia Otero gaztetxoa da filmeko protagonista nagusia eta hau da zineman egiten duen bere lehen lana. Berarekin batera arituko dira Patricia López Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cózar, Miguel Garcés, Unax Hayden eta Andere Garabieta.

Gariza Films eta Inicia Filmsek ekoiztutako filma da, EITB, RTVE, TV3, Movistar Plus, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren parte hartzearekin, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta ICAAren eta EBAKIren finantzazioarekin.