Itxi

EITB TALDEA

Batzen gaituen zinea

'20.000 especies de abejas' filmak hamar minutuko txalo zaparrada jaso du Berlinaleko estreinaldian

EITB Media

EITBren parte-hartzea duen filmak historia egin du munduko zinema jaialdirik entzutetsuenetako batean.

01:25
Berlinale

Estibaliz Urresola Solaguren zuzendari laudioarraren lehen film luzeak, 20.000 especies de abejas lanak, historia egin du Berlinale jaialdiko Sekzio Ofizialean, 10 minutuko txalo zaparrada jaso baitu estreinaldian.

Amaia Artetxe EITBko Kultura buruak Berlindik azaldu duenez, estreinaldian izan diren 1.500 ikusleek gogotsu erantzun dute filma ikusi eta gero. "Atzo kritika onak izan zituen prentsako pasean, baina gaurkoa filma gustatzen ari dela baieztatzea da", erantsi du Artetxek.

Urresola bera zoriontsu agertu da Radio Euskadiko "Ganbara" saioan: "Zirraragarria izan da".

Berlinale Palasten izan da mundu mailako estreinaldia, eta bertan izan dira filmeko zuzendaria nahiz aktore nagusiak. Horiekin batera, Ibone Bengoetxea EITBko zuzendari kudeatzailea eta Aintzane Perez del Palomar EITBko antena eskubideen eta koprodukzioen arduraduna egon dira; izan ere, EITBren parte hartzea du 20.000 especies de abejas pelikulak.

Gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez filmatuta dago, eta lehen aldiz entzun da euskara zinemaldi honetan eta lehen aldiz estreinatu da Sail Ofizialean euskal emakume zinemagile batek aurkeztu duen lehen film luzea.

20.000 especies de abejas filmak Lucia neskato transexualaren istorioa kontzen du, ikaskideek oraindik Aitor deitzen dioten neskatoarena. Eskolako giro horretatik ihes egin nahian, gogotsu dago uda noiz iritsiko zain. Ane amak, krisi profesional eta sentimental batean murgilduta, oporrak bere hiru seme-alabekin amaren etxean pasatzeko aprobetxatuko du. Bertan bizi da izeba Lourdes ere, erlezaintzan jarduten dena. Uda horrek bizitza aldatuko die, beraien burua gainerakoen aurrean nola erakutsi nahi duten erabakitzera behartuko baititu.

Filma 2022ko udako zazpi astetan zehar grabatu zen Euskal Herriko hainbat lekutan, Laudion eta Hendaian, besteak beste. Sofia Otero gaztetxoa da filmeko protagonista nagusia, eta zineman egiten duen lehen lana du. Berarekin batera aritu dira Patricia Lopez Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Miguel Garces, Unax Hayden eta Andere Garabieta.

Gariza Filmsek eta Inicia Filmsek ekoiztutako filma da, EITB, RTVE, TV3, Movistar Plus, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren parte hartzearekin, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta ICAAren eta EBAKIren finantzazioarekin.