EITB TALDEA
Donostia Zinemaldia
Donostia Zinemaldiari begira izango da EITB
EITB Media
Euskal Zinemaren Galan Egile Berriak saria emango du EITBk estreinakoz. Horrez gain, "Itxaso" fikzio berria aurrestreinatuko du EITB Galan eta "Go!azen 10" telesailaren emanaldi berezia egingo du Belodromoan.


Irailaren 22tik 30era bitartean egingo den 71. Donostia Zinemaldiaren erakusleiho izango da EITB. Hedabide zein euskarri guztietan egingo zaion jarraipen informatiboaz gain, presentzia nabarmena izango du EITBk Donostia zinemaz beteko duen jaialdian. Hala, Euskal Zinemaren Gala eta EITB Gala antolatuko ditu, Egile Berriak saria emango du lehen aldiz, set berezia jarriko du Kursaal kanpoaldean eta bi ekoizpen aurkeztuko ditu: "Itxaso" eta "Go!azen 10". Gainera, zine jaialdian proiektatuko diren hogei ekoizpenetan parte hartu du, euskal zinemaren aldeko konpromisoa dela medio.
Urtero bezala, EITBk zuzenean eskainiko ditu ETB1en eta eitb.eus-en Zinemaldiaren irekiera (gaur, irailak 22, 20:30ean) eta itxiera (irailak 30, 21:00etan) galak. Victor Ericeri Donostia Sariaren emate ekitaldia ere zuzenean jarraitu ahal izango dugu irailaren 29an, 22:00etan, ETB4n eta eitb.eus-en.
Iazko bideari jarraituta, Euskal Zinemaren Galaren antolatzaile eta ekoizle izango da EITB, irailaren 26an. Bertan, lehen aldiz, Egile Berriak saria emango du, euskal zinemagintzako errealizadore hasiberrien talentua balioan jarri nahi duen golardoa. Estibaliz Urresolak jasoko du, hain zuzen ere. Bestalde, Paco Sagarzazu aktorearen ibilbidea nabarmenduko da Zinemira sariarekin. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak aurkeztuko duten ekitaldia 20:30ean eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en.
Halaber, EITBren eskutik, beste bi ekitaldi egingo dira: hilaren 27an, "Itxaso" fikzioa aurrestreinatuko da Victoria Eugenia Antzokian ospatuko den EITB Galan; hilaren 29an, "Go!azen 10" telesaila aurkeztuko da Belodromoan, 18:30ean.
Bestalde, EITBko hainbat saiok emanaldi bereziak egingo dituzte Kursaal Jauregiaren kanpoaldean jarritako gunetik: ostiral honetan bertan, Zinemaldiaren hasierarekin bat eginez, Euskadi Irratiko "Faktoria" magazinekoak arituko dira bertatik; ETB2ko "Nos Echamos a la Calle" saioa, berriz, egunero egingo da handik hilaren 25etik 29ra. EITBren, zinema eta telebista munduaren eta publikoaren arteko elkargune izango da set hori. Halaber, "Biba Zuek!" saioa kalera irtengo da datorren astean Zinemaldiaren berri emateko: Donostiako Talent House etxeko terrazatik emitituko da, hain zuzen ere.
Kursaaleko alfonbra gorria ere arreta gune nagusi izango da bederatzi egunetan: esaterako, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiek bertatik egingo dituzte konexioak gauero, egunak eman duenaren berri emateko.
Azken finean, EITBko hedabide guztiek (telebista, irratia, Internet eta sare sozialek) egunero irekiko dute Zinemaldiaren leihoa: zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Sail ofizialari ez ezik, Zinemira Sailari egingo diete jarraipena, eta Irizar sarirako lehian dauden euskal filmen lantaldeekin hitz egingo dute.
EITBren parte hartzea, 20 euskal ekoizpenetan
Sektorearekin etengabe egindako lanari eta aliantzari esker, 71. Donostia Zinemaldiko ia sail guztietan ikusgai izango diren hogei ekoizpenetan parte hartu du EITBk. Erdia baino gehiago emakumeek zuzendutako filmak dira.
EITBren laguntza izan duten lanen artean dago aurtengo Donostia Sarietako bat jasoko duen Víctor Erice zinemagilearen Cerrar los ojos, eta euskal zinemaren Irizar sarirako lehiatuko diren Arnasa betean (Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia), Sultanaren ametsa (Isabel Herguera) eta Mirande, film baterako zirriborroa (Josu Martinez).
Zerrendan daude, halaber, Zinemira saileko programazioan, lehiaketaz kanpo, aurkeztuko diren izenburu hauek: 20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola), Irati (Paul Urkijo), Las buenas compañías (Silvia Munt), Tetuan (Iratxe Fresneda) eta Una vida no tan simple (Félix Viscarret).
Chinas (Arantxa Echevarría), Contadores (Irati Gorostidi) eta Kimuak saileko beste zazpi film laburrek ere izan dute EITBren parte hartzea.