EITB TALDEA
EITB Taldea
EITBk Euskaraldiarekin bat egin du, eta jarraipen zabala eta ekimen deigarriak antolatu ditu
EITB Media
ETB1eko "Euskaraldia Lau Haizetara" programa berezia, "Go!azen"eko aktoreen parte-hartzea izango duen flashmob handi bat eta "Ahalaken" soinu-fikzioa aurkeztuko dira, besteak beste.
-
EITBk ekimenarekin indarrak batuko ditu
Astebete baino ez da falta Euskaraldia 2025, euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala, hasteko, eta EITBk ekimenarekin indarrak batuko dituela adierazi du, 11 egunez jarraipen estua ez ezik, ekintza deigarri eta askotarikoak antolatuz.
"Egun On", "Gaur Egun", "Teleberri", Orain online albiste zerbitzuak eta baita Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak ere, bertatik bertara jarraituko dituzte maiatzaren 15ean hiriburuetako hasiera ekitaldiak zein hilaren 26ko balorazio agerraldia. Halaber, ETBko "Biba Zuek" eta Euskadi Irratiko "Baipasa" irratsaioa Getxoko Portu Zaharrean dagoen Gure Zirkutik emango dira, bertan egingo baita hasiera ekitaldia. ETBko albistegietan, gainera, egunero pieza berezi bat egingo da 11 egun horietan, Euskaraldia hainbat alderditik jorratuta. 11 egun, 11 gai dinamikari jarraituz, EITB Taldearen irratsaioetan eta sareetan ere euskarak hamaika esparrutan duen presentziari erreparatuko diote. Halaber, Radio Euskadiko lankideek aurtengo Euskaraldirako hartu duten konpromisoaren berri emango dute promo laburren bitartez eta entzuleak gauza bera egitera animatuko dituzte.

Aurkezpeneko argazkia
ETBko programazioan egunero egingo zaio tartea ekimenari, eta Bulegok Euskaraldiarentzat sortutako "Gure bihotzaren taupadak" kanta izango da saio eta tarte berezien soinu banda. Horrez gain, maiatzaren 18an, Antton Telleriak eta Ilaski Serranok aurkeztuta, "Euskaraldia Lau Haizetara" saio berezia izango da ordutegi nagusian. Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta euskara erabiltzea errotzeko ahaleginean laguntzea izango du helburu. Emozioz, istorio hunkigarriz eta umorez beterik egongo da.
Euskaraldi bete-betean Milioi bat ordu, milioi bat esker kanpainan murgilduta egongo da PRIMERAN plataforma, milioi bat ordu euskaraz kontsumitu direla aintzatesteko. MAKUSIn, Euskaraldiak proposatu duen programa didaktikoaren berri emango dute eta gure etxeko txikienek Hur Iratxoarekin kontzeptu berriak ikasteko aukera izango dute.
Gaztea unibertsoak ere landuko du Euskaraldia hainbat formatutan, elkarrizketa, aipamen eta konexioen bidez.
GUAU audio plataformak, beste eduki batzuen artean, "Ahalaken" soinu-fikzioaren estreinaldia dakar. Adimen Artifizialaz landutako proiektuak euskararen jatorria du abiapuntu, eta gure hizkuntzaren misterio, aberastasun eta indar sinbolikoari erreparatzen dio. "Ahalaken" aurkezteko prentsaurrekoa egingo da, maiatzaren 20an, Donostiako San Telmo museoan.
Bestalde, flashmob izugarri handia antolatu du EITBk maiatzaren 23rako, "Gure bihotzaren taupadak" abestia dantzatzeko, "Go!azen"eko aktoreen laguntzarekin eta Nahia Sillero aktorea ekitaldiaren gidari dela. Donostiako Alderdi Ederren izango da, 19:30ean, eta deialdi zabala da euskararen alde guztiok bertan batera parte hartzeko.
Horrez gain, EITBk grabaketa seta prestatu du, lankideen zein gure egoitzetara joango diren gonbidatu eta kolaboratzaileen parte-hartzea sustatzeko. Helburua da guztiek bideoa grabatzea, Euskaraldiarekin bat egiten dutela adieraziz, eta sareetara igotzeko #Euskaraldia2025 eta #EuskaraldiaEITB traolak erabilita.
EITBren hedabide eta plataformetan sortzen diren edukiak sareetan zabalduko dira eta Euskaraldiari jarraipena egingo zaio Instagramen @eitblive profilean. Halaber, hilaren 23ko flashmoba streaming bidez zuzenean emango da eitb.eus-en.

Euskaraldiko txapak