Itxi

EITB TALDEA

Harrera bikaina

"Desagertuta" PRIMERANeko estreinaldirik arrakastatsuena bihurtu dute Euskal Herriko gazteek

EITB

Euskarazko thriller berritzailea indartsu sartu da plataformaren top historikoan, lehen astea bete baino lehen. Jada estreinatu da hirugarren atala, eta, astelehenero, kapitulu berria. Euskal musikak nortasun propioa du bertan, eta PRIMERANek profila sortu du Spotifyn abesti horiekin guztiekin.

  • "Desagertuta"

    "Desagertuta"

Norbaitek badaki Jon non dagoen, eta Euskal Herriko gazteek nor den jakin nahi dute. Horixe geratu da agerian "Desagertuta" PRIMERANeko telesail berriaren lehen astearen ostean. Izan ere indartsu sartu da fikzioa plataformaren top historikoan, eta PRIMERANeko estreinaldirik arrakastatsuena bihurtu da jada, astebete egin berritan. Gaur bertan estreinatu da gazteak hasieratik erakarri dituen thriller zirraragarriaren hirugarren atala eta astelehenero izango dugu kapitulu berria.

Jon gaztearen desagerpen misteriotsua du oinarri telesailak. Lagunekin batera gaua mendian pasa ostean, inork ez du haren berri. Pista bakarra dute: sare sozialetan argitaratutako bideo kezkagarri bat. Bideoa birala egingo da, eta denetariko espekulazioak zabalduko ditu. Gipuzkoan girotuta, edozein euskal kuadrilla izan daiteke bertan protagonista, eta gertutasun horrek lortu du gazteekin konektatzea, nola eta euskaraz. Izan ere, filmatze estrategia berritzailea erabiltzen aitzindari izan da: euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean filmatutako lehen telesaila dugu "Desagertuta". Musikak ere nortasuna ematen dio lanari, euskal musika baitugu bertan entzungai: Dupla, Gorka Urbizu, Zea Mays, ZETAK, Bulego, Bengo, Verde Prato, TOC, Hofe… PRIMERANek telesailaren musika zerrenda sortu du, Spotify musika plataforman.

Eta, nola ez, talentu handiko aktore gazte zerrenda luzea: Jon Lukas, Ane Rot, Ainhoa Larrañaga, Asier Rikarte, Ainhoa Azpitarte, Unai Arana eta Julen Taboada. Haiekin batera, Itziar Atienza, Gorka Otxoa, Jon Olivares, Leire Martinez, Iñigo Aranbarri, Dorleta Urretabizkaia, Aitor Beltran, Susana Soleto, Sara Cozar, Asier Hernandez, Ylenia Baglieto….

f

EITBren parte-hartzea du lanak eta gazteei zuzendutako eta euskaraz grabatutako fikziozko serieen ekoizpena bultzatzeko 2023an egindako deialdiaren lehen emaitza da.

Euskaraz badago, PRIMERAN dago!

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB